09:56

Mundua

Krisi politikoa

Mugazainen hegazkin bat tirokatu dutela salatu du Ukrainak

Erredakzioa

Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko begiraleen kontra ere abisuzko tiroak bota dituzte Krimeako mugatik hurbil.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ukrainako Mugazaintza Zerbitzuak salatu duenez, mugazainen hegazkin bat tirokatu dute larunbat honetan, Krimea penintsulako muga inguruan patruilatzen ari zirela.

Krimeako mugatik gertu, Armiansk hiria hegazkinen igarotzen ari zirela, hegazkin arin horretako tripulazioko kideek beren kontrako tiroak entzun dituzte.

"Pilotuek maniobra zakarra egin dute tiroak saihesteko eta altura galdu eta ingurunetik alde egin dute", Ukrainako Mugazaintza Zerbitzuak argitaratutako oharraren arabera.

Ukrainako agintariek salatu dutenez, "Errusiako erasotzaile armatuek era guztietako bidegabekeriak egiten dituzte: mugazainei jazarpen psikologikoa egiten diete, mehatxatu egiten dituzte eta baita beldurtu ere". "Oraingoan, suzko armak erabili dituzte horrek gizakiarentzat dakarren arriskuarekin", gaineratu dute.

Nazioarteko begiraleak ere tiroz hartu dituzte Krimean

Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko begiraleen kontra ere abisuzko tiroak bota dituzte Krimeako mugatik hurbil. Dena den, ez da inor zauritu. Azken egunotan hiru aldiz saiatu dira Krimean sartzen, baina ez dute helburua lortu.

"Begiraleak kontrol gunera gerturatzen ari ziren eta abisuzko tiroak bota dituzte beren kontra", azaldu du Tatiana Baeva Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko Komunikazio gabineteko kideak.

Egoeraren aurrean, begiraleek Jarson herrira mugitzea erabaki dute, eta aurrerantzean zer egin erabaki beharko dute.

Kieveko Gobernuaren eskariz joan dira begiraleak Ukrainara eta Krimean sartu nahi dute errusiarrak ertan hedatu diren ala ez argitzeko.

Errusia-Ukraina elkarrizketaren alde egin dute Obamak eta Merkelek

Barack Obama AEBetako presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Errusiaren eta Ukrainaren arteko elkarrizketa zuzenaren alde egin dute, Krimeako krisiari amaiera emateko. Era berean, Krimeara nazioarteko behatzaileak bidaltzeko beharra ere azpimarratu dute, Etxe Zuriak aditzera emandakoaren arabera.

Horiexek izan dira bi liderrek telefonoz izan duten azken elkarrizketaren arabera. Azken astean izan duten hirugarren elkarrizketa izan da gaurkoa, Krimeako krisia konpontzeko beharrak behartuta. Krisia Errusiaren esku-hartze militarrak eragin du.

Etxe Zuriak elkarrizketaren arian ateratako oharrak ez dio Errusiak jaso dezakeen zigorrari erreferentziarik egiten.

Merkel hasieratik zigorrak jartzea saihestu nahi izan du, eta elkarrizketaren eta diplomaziaren alde egin du. Hala ere, zigorrak ez dituzte guztiz baztertu, Errusiako tropek Krimean jarraituz gero.

Behatzaileak eta tropak ateratzea

"Bi liderrak ados daude Errusiak tropak Krimeatik atera behar dituela eta Krimeara nazioarteko eta giza eskubideen behatzaileak bidaltzea eskatzean. Horrez gain, maiatzean hauteskunde libreak eta bidezkoak egon behar direla uste dute", esan du Etxe Zuriak.

Halaber, harremanetarako talde baten sorrera onartzeko eskatu diote Errusiari, Ukrainarekin elkarrizketa zuzena izateko. AEBek eta Europar Batasunak ezinbestekotzat jotzen dute elkarrizketa krisiari amaiera emateko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena