Mundua
Erreferenduma
Errusiako Dumak krimearren erabakia onartuko dutela esan du
Aldiz, Ukrainako agintariek diote mundu zibilizatuan inork ez dituela emaitza horiek aintzat hartuko.
Krimean martxoaren 16an egingo duten erreferendumaren inguruko erreakzioek ez dute etenik: Errusiako Duma eta senatuko liderrek esan dute krimearren erabakia onartuko dutela. Aldiz, Ukrainako agintariek diote mundu zibilizatuan inork ez dituela emaitza horiek aintzat hartuko.
Ukraina prest dago Errusiarekin elkarrizketak hasteko, baina baldintzak jartzen ditu: hizketan hasi aurretik, Krimeatik tropak erretiratzea eta "separatista eta terroristei" babesik ez ematea eskatu dio Moskuri Arseni Yatseniuk behin-behineko lehen ministro ukrainarrak.
Mundu zibilizatuan inork ez dituela onartuko Krimeako erreferendumaren emaitzak: hori esan du.
Errusiako Duma edo Parlamentuan, ordea, txalo artean hartu dituzte Krimeako parlamentuko ordezkariak. Moskuko agintarien babes bila joan dira eta lortu dute. Dumako presidenteak krimearren erabakia onartuko dutela esan die eta senatuko presidenteak ere Errusiara ongietorriak izango direla ziurtatu die.
Putin presidenteak ez du oraindik ezer esan Krimeako herritarrei egingo zaien galderaz. Azken orduetan Obama presidentearekin hitz egin du telefon eta eskatu dio Errusia eta Estatu Batuen arteko harremanak ez ditzala sakrifikatu arazo honengatik. Obamak Washingtonek Moskuren aurka erabakitako zigorren berri eman dio Putini eta Ukrainako krisia konpontzeko bide diplomatikoak zabalik daudela gogoratu dio.
30.000 soldatu hedatu dituela Errusiak Krimean salatu dute gaur Ukrainako mugazainek.
Kieveko agintarien baimenik gabe Krimeako erreferendumaren emaitza onartuko ez duela iragarri du Francois Hollande Frantziako presidenteak. Zatiketa proiektuaren erantzukizuna Moskuk duela salatu du Hollandek.
Bestalde, Errusiak Krimean 20.000 bat soldadu zabaldu dituela uste du Pentagonoak. Mosku militarrak bidaltzen ari dela erantsi du Pentagonoak, ondorioz, mugimenduak gertutik jarraitzen ari da.