Mundua
Gatazka
Erredakzioa
Krimeako Ganberak deitu duen erreferenduma "legez kontrakoa" dela adierazi du Oleksandr Turtxynov Ukrainako presidenteak. Obamaren hitzetan, erreferendumak nazioarteko zuzenbidea urratuko luke.
Alexandr Turchinov Ukrainako presidentea. Argazkia: EFE
Krimeako errepublika autonomoko Parlamentua desegiteko prozesua abiatuko du Rada Gorenak (Ukrainako Parlamentua), Oleksandr Turtxynov Ukrainako presidenteak jakitera eman duenez. "Krimeako errepublika autonomoko Parlamentua desegiteko lanari hasiera emango dio Ukrainako Rada Gorenak", esan du estatuburuak.
Ukrainatik banatzea eta Errusian sartzeko erabakia hartu du Krimeako Parlamentuak. Hala ere, Krimeak erabakia berresteko erreferenduma deitu du martxoaren 16rako, baina berehala erantzun du Turtxynovek. Krimeako Ganberak deitu duen erreferenduma "legez kontrakoa" dela adierazi du Ukrainako presidenteak. "Ditudan eskumenak aprobetxatuz, Krimeako Parlamentuaren erabakia bertan behera utzi dut", erantsi du Ukrainako buruzagiak.
Obama
Barack Obama AEBko presidentearen hitzetan, Krimeako erreferendumak nazioarteko zuzenbidea urratuko luke.
"Ukrainako etorkizunari buruzko edozein eztabaidatan Ukrainako Gobernu legitimoa egon beharko luke", adierazi du Obamak Etxe Zurian egindako agerraldian.
Errusiak nazioarteko araudia urratzen jarraitzen baldin badu, Ameriketako Estatu Batuek "irmo" eutsiko diotela ohartarazi du Obamak. "Nazioarteko zuzenbidearen defentsan, AEB aliatuekin bat datorrela ikus dezake munduak", azpimarratu du.
Ukrainan "nazioarteko ikuskatzaileak" zabaltzea proposatu du AEBko presidenteak, eta Moskuren eta Kieven arteko elkarrizketak hastea eskatu du, baina "nazioartearen parte-hartzearekin".
Bisak
Bestalde, bisak liberalizatzeko Errusiarekin zituen negoziazioak bertan behera uztea erabaki du gaur Europar Batasunak. "Errusiarekin bisak liberalizatzeko aldebiko negoziaketak bertan behera utzi ditugu", iragarri du Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak ezohiko bilera amaitu ostean.
Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkan bitartekaritza lana egiten saiatu da EB, baina emaitzarik gabe, orain arte.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa