Mundua
Krisia Ukrainan
Ukrainako jarduneko presidentea Armadaren buru izendatu dute
Erredakzioa
Asanblada egingo dute Kieveko Independentzia plazan Ukrainan Gobernu berria osatzeko proposamenak eztabaidatzeko.
-
Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidentea. Argazkia: Efe
Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak Armadaren buruzagitza hartu du gaur, Indar Armatuen webgunean argitaratu dutenez.
"Ukrainako Konstituzioaren 106. eta 112. artikuluak agintzen duenari jarraiki, Indar Armatuen Komandante Goren kargua hartu dut gaur", adierazi du presidenteak.
Aurreko igandean, Viktor Yanukovitx presidente kargutik kendu eta biharamunean, oposizioaren esku dagoen Parlamentuak Turtxinov aukeratu zuen presidente.
Yanukovitxen berririk ez dago une honetan, agintariek ez dakite non dagoen Poliziak hegazkinez Ukrainatik ateratzea galarazi zionetik.
Asanblada
Bestalde, asanblada egingo dute Kieveko Independentzia plazan Ukrainan Gobernu berria osatzeko proposamenak eztabaidatzeko, Batkivxina oposizioko alderdi nagusiak iragarri duenez.
Asanblada Euskal Herrian 16:00ak direnean izango da, eta bertan hautagaiak onartu edo gaitzetsiko dituzte.
Arseni Yatseniuk Batkivxinaren buruzagiak atzo adierazi zuenez, Gobernu berriaren osaera plazako protestarien artean adostu beharra dago.
Istiluen kontrako indar polizialak desegin dituzte
Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak gaur bertan iragarri duenez, Berkut indarrak desegin dituzte, Poliziaren istiluen kontrako indar bereziak, alegia. Izan ere, manifestarien arabera, horiek dira izandako liskarren arduradun nagusiak.