15:37

Mundua

Krisia Ukrainan

Ukrainako Parlamentuak 2004ko Konstituzioa berrezarri du

Erredakzioa

Janukovitx presidenteak eta oposizioko liderrek sinatutako akordioaren ondoren hartu du erabakia Parlamentuak.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ukrainako Goi Radak (Parlamentuak) 2004ko Konstituzioa berrezarri du, Janukovitx presidenteak eta oposizioko liderrek sinatutako akordioaren ondoren. Erabakiak presidentearen eskumenak modu nabarian murriztuko ditu, oposizioak eskatzen zuen moduan.

Bost egunen buruan, Ukrainako presidenteak orain arte zituen hainbat ahalmen izateari utziko dio.

Hemendik aurrera Goi Rada arduratuko da lehen ministroa izendatzeaz, baita Gobernuak osatzeaz ere. Defentsa eta Barne arduradunak, segurtasun indarren arduradunak eta Fiskaltza ez dira jada presidentearen menpe egongo.

Horrez gain, azken egunetako istiluetan atxilotutako lagunei edo horietan parte hartzeagatik prozesatuko dituztenei, baldintza gabeko amnistia ematea onartu du Parlamentuak.

Krisiari amaiera emateko akordioa

Viktor Yanukovitx Ukrainako presidenteak eta oposizioko hiru liderrek akordioa sinatu dute azken hiru hilabeteetan herrialdea astintzen ari den krisiari amaiera emateko.

Alemania, Frantzia eta Poloniako Atzerri ministroen aurrean sinatu dute dokumentua. Presidentetzarako hauteskundeak aurreratzea, bi asteren buruan batasun nazionaleko gobernu bat eratzea, Konstituzio berria eta indarkeriaren inguruko ikerketa egitea jasotzen dira agirian eta Maidaneko Gizarte Kontseiluaren babesa du.

Alemaniako Atzerri Ministerioak eman du ezagutzera sinatutako agiriaren edukia. Bertan jasotzen denez, “sinatu eta 48 orduren buruan 2004ko Konstituzioa berrituko duen lege berezia onartuko da”. Orain arte onartutako zuzenketak jasoko dira bertan.

Batasun nazionaleko gobernua

Horren ondoren, “eta hamar eguneko epean, koalizioa osatu eta batasun nazionaleko gobernua osatzeko” konpromisoa hartu dute sinatzaileek. “Konstituzioaren erreforma berehala hasiko da, eta irailerako amaituta egongo da”, zehazten du agiriak.

Presidentetzarako hauteskundeak Konstituzio berria onartu bezain laster egingo dira, 2014ko abenduan beranduenez”, dio. “Hauteskunde-lege berri bat onartuko da eta Hauteskunde Batzorde Zentral berri bat osatuko da, proportzionaltasun oinarrietan eta OSCEren arauetan oinarrituta”, azpimarratu du.

Azken hilabeteetan izandako indarkeria ekintzak ikertzeko ikerketa abiaraztea ere jasotzen du gaur sinatu duten agiriak, eta “agintariek, oposizioak eta Europako Kontseiluak gainbegiratuko dute”.

Janukovitxe presidenteak eta oposizioko hiru lider garrantzitsuenek sinatu dute akordioa. Ondorengoak dira horiek: UDAReko Vitali Klitschko, Svodako Oleh Tiahnibok eta Batvishchynako Arseni Yatseniuk. Lekuko gisa aritu dira Steinmeier, Sikorski, Laurent Fabius, Frantziako Atzerri ministroa eta Vladimir Lukin.

Akordioa sinatu baino lehen minutu bateko isilunea egin dute istiluetan hil diren biktimak gogoratzeko. Iturri ofizialen arabera, 80 pertsona hil dira Kieveko kaleetan azken hiru egunetan izandako liskarretan.

EBk akordioa txalotu du

Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidentea pozik agertu da Ukrainan lortu den akordioarekin. “Krisitik atera ahal izateko ezinbestekoa den elkarrizketa politikoa lortzeko beharrezko konpromisoa da”, adierazi du. “Hitzetatik ekintzetara joateko” ausardia eskatu die alde guztiei.

“Europar Batasunak Ukraina babesteko prest jarraitzen du”, gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena