08:40

Mundua

Krisia Ukrainan

Europak Ukrainan biolentzia gelditzea eskatu du, 'amildegia' ekiditeko

Erredakzioa

21 hildako izan dira goizean, baina bertako egunkari batek 37ra igo du kopurua. Atzo Janukovitx presidenteak eta oposizioak adostutako tregoak 12 ordu baino ez du iraun.

1:19
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Anne Brasseur Europako Kontseiluko Parlamentuko presidenteak adierazi du "lehentasuna" dela beraientzat Ukrainako krisiari irtenbidea aurkitzea eta "odol jarioa" geldiaraztea, herrialdea "amildegian" eror ez dadin.

"Lehentasuna Ukrainan biolentzia geldiaraztea da, hildakoen kopurua gelditu eta errepresaliak eta mendekuari amaiera eman, herrialdea amildegian ez erortzeko", esan du Brasseurrek agiri batean.

Brasseurrek bere lankidetza eta Europako Kontseiluarena eskaini du krisialdi politikoari irtenbidea emateko eta Ukrainari buruzko txostena idatzi dutenak, Mailis Reps estoniarra eta Marieta de Pourbaix-Lundin suediarra herrialdean bertan daudela orain.

Istiluak Kieven

Gutxienez 21 pertsona hil dituzte gaur Kieveko Independentzia Plazan, Reuters agentziak jakinarazi duenez. Dena dela, bertako egunkari batek 37ra igo du hildakoen kopurua.

Biktima horiei azken egunetan hildako 28ak gaineratu behar zaizkie.

Manifestarien eta polizien arteko borroka bortitzak gaur goizean hasi dira berriz, atzo Viktor Janukovitx Ukrainako presidenteak eta oposizioak tregoa adostu bazuten ere. 12 ordu baino ez du iraun lasaitasunak.

Manifestariek 60 polizia inguru atxiki eta energia elektrikoaren konpainia publikoaren egoitzara eraman dituzte, udaletxetik gertu.

Agenteekin zer egin negoziazioen emaitzen arabera erabakiko dutela ohartarazi dute.

Oposizioak Gobernuari egotzi dio liskarren hasiera

Vitali Klitxko oposizioko buruak Janukovitxi deitu dio, hauteskundeak aurreratzea eskatzeko.

"Sarraskiak aurrera egin du. Janukovitx presidenteak hauteskundeak aurreratu behar ditu, hori da indarkeria gelditzeko modu bakarra", esan du Kitxkok.

Halaber, Parlamentuak gaur bertan premiazko bilera egiteko deia egin du. Gaur goizean, Ganbera hustu egin behar izan dute, enfrentamenduen ondorioz.

Oposizioaren esanetan, Poliziak hasi du gaur berriz indarkeria, Alemaniako, Frantziako eta Poloniako Atzerri ministroak Kieven daudela, manifestariak erradikalak direla erakusten saiatzeko.

Hori horrela, Arseni Yatseniuk oposizioko buruak tiro egiteko agindua eman duten poliziaburuak atxilotzea eskatu dio Janukovitxi.

Svoboda oposizioko alderdiaren arabera, Poliziak hautsi du su-etena, 08:00etan (07:00ak Euskal Herrian) tiroka hasi baita.

Negoziazioak

Bien bitartean, Alemaniako, Frantziako eta Poloniako Atzerri ministroak Janukovitxekin batzartu dira Kieven.

Bilera horrekin, agintariak herrialdeko krisiari irtenbidea bilatzen saiatu dira.

Testuinguru honetan, Europar Batasuneko Atzerri ministroek Ukrainako Gobernuari zigorrak ezartzea aztertuko dute gaur.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena