09:58

Mundua

Protestak

Gutxienez 14 pertsona hil dira Kieven izandako istiluetan

Erredakzioa

Viktor Yanukovich Ukrainako presidenteak oposizioko buruzagi nagusiekin bilera deitu du gaur gauean, azken orduetako indarkeriari amaiera emateko.

1:18
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gutxienez 14 pertsona hil dira Poliziaren eta manifestarien arteko istiluetan, Kieven.

Zortzi hildako zibilak dira eta sei poliziak, azken balantzearen arabera. 100 polizia baino gehiago zauritu dituzte; 39k bala zauriak dituzte, Poliziaren informazioaren arabera.

Ukrainako Poliziaren eta oposizioko manifestarien arteko liskarrak Kieveko Independentzia plazaren inguruetan zabaldu dira. Segurtasun indarrek ur-kanoiak erabili dituzte protestak desegiteko.

Manifestariek molotov koktelak, harriak eta piroteknia-lehergailuak bota dituzte polizien aurka. Pneumatikoei eta egurrei su eman diete Poliziaren sarrera eragozteko, telebistak igorritako irudien arabera.

Polizia Independentzia edo Maidan plaza husten hasi da. Polizia barrikadak behera botatzen ari da ur-kamioien laguntzarekin. Kanpin-dendei su eman diete manifestariek, eta polizien aurka galtzada-harriak, petardoak eta suziriak bota dituzte, bertako komunikabideen arabera.

Viktor Yanukovich Ukrainako presidenteak oposizioko buruzagi nagusiekin bilera deitu du gaur gauean, azken orduetako indarkeriari amaiera emateko, Kyiv Post egunkariak jakitera eman duenez.

Istiluak goizetik

Milaka manifestarik Poliziak Ukrainako Parlamentuaren inguruan zuen segurtasun-lerroa gainditu dute. Poliziaren eta oposizioko kideen arteko lehen liskarrak izan dira berriz, urtarrilaren amaieratik lehen aldiz.

Grushevki kale inguruan gertatu dira istiluak (duela hilabeteko liskarrak ere bertan izan ziren), Polizia manifestazio jendetsu bat gelditzen saiatu ostean. Protesta oposizioak deitu zuen, 2004ko konstituzioa eta sistema parlamentarioa berriz ere indarrean jartzea eskatzeko. 

Oposizioak hiru hilabete daramatza protestak deitzen, Kiev hiriburuaren erdialdean eta Ukrainako beste hiri batzuetan.

Parlamentutik gertu ere izan dira istiluak. Bertan, 2.000 manifestari Poliziak ezarritako hesia igarotzen saiatu dira, eta galtzada-harriak bota dituzte istiluen aurkako polizien aurka. Poliziak gas negar-eragilea eta granada zorabiatzaileak jaurti ditu.

Vitali Klitxko UDAR oposizioko alderdiaren liderraren ustez, 2004ko Konstituziora bueltatzea herrialdean bizi duten krisialdiarekin amaitzeko "lehen pausoa" litzateke.

Konstituzioaren erreformaz gain (estatuko buruzagiaren botereak murriztuko lituzkete, legegilearen aurrean), oposizioak presidenterako eta parlamenturako hauteskundeak aurreratzea eskatzen du.

Istiluak azaroaren erdialdean hasi ziren, Kieven, Viktor Janukovitxek Europar Batasunarekin elkartzeko akordioa atzera bota ostean.

Europaren aldeko manifestazioak ugaritu egin dira hiriburuan, oposizioaren eskutik. Horren aurrean, Parlamentuko gehiengoak biltzeko eskubidea eta beste hainbat eskubide murrizten dituen legea onartu zuen urtarrilaren 16an.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena