21:35

Mundua

Protestak Ukrainan

Europar Batasunak 'benetako elkarrizketa' eskatu du Ukrainan

Erredakzioa

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainari agindutako laguntza gelditu du, Gobernu berria osatu bitartean.

1:20
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Catherine Ashtonek, Europar Batasuneko diplomazia arduradunak, indarkeriarekin amaitzeko eta "benetako elkarrizketa bultzatzeko" eskatuko dio Europaren aldeko oposizioari eta Ukrainako Gobernuari. Janukovitxen Gobernuko kideek dimisioa eman ondoren, Errusiak agindutako laguntza baldintzatu du.

Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako ordezkariak Ukrainan joan den azarotik dagoen krisiak Europan sortu duen kezka azpimarratu du. Herrialdeko komunikabideen arabera, "konponbidea bilatzeko erabateko elkarrizketa eskatu die bi aldeei".

"Gertatzen ari denarekin oso arduratuta gaude. Berdin dio ankerkeria nondik datorren, amaitu egin behar du", esan du Ashtonek. Ez du baztertu, gainera, EBk Kieven aurkako zigorrak ezartzea, "bi aldeek akordio batera heltzeko borondatea agertu arren, gertatutakoaren ardura boterea duenaren gain eroriko da", adierazi du.

Viktor Janukovitx Ukrainako presidentearekin bildu da Catherine Ashton. Bileran, Ukrainako presidenteak krisiari konponbide baketsua emateko konpromisoa berretsi du, baita Europar Batasunean sartzeko aurrera egiteko konpromisoa ere. Horrela adierazi du presidentearen prentsa kabineteak.

Ukrainari eman beharreko laguntza atzeratu du Putinek

Ukrainako Gobernuko kideek dimisioa eman eta hurrengo egunean, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Dmitri Medvedev lehen ministroak Ukrainari agindutako laguntza atzeratzea erabaki dute. 3.000 milioi euro eman dizkio jada Errusiak Ukrainari, eta Gobernu berria osatu bitartean ez dute laguntza gehiago emango.

Gasaren inguruan Ukrainak Errusiarekin duen zorra 2.700 milioi eurokoa dela nabarmendu du Medvedevek.

Bestalde, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak telefonoz hitz egin du gaur Putinekin eta Janukovitxekin. Lehenari "elkarrizketa konstruktiboa" bultzatzeko eskatu dio, eta bigarrenari, krisiari "irtenbide demokratikoa" bilatzeko.

Bide horretan, Europar Batasunaren eta Alemaniaren laguntza bermatu dio Merkelek Janukovitxi.

Protestak dira nagusi Ukrainan, eta, Leonid Kravchuk presidente ohiaren aburuz, "herrialdea gerra zibilaren atarian dago". Hala ere, atzerriko bitartekarien lana gutxietsi du: "Hemen ez dute ahotsik ez AEBk ezta Errusiak ere. Hemen Ukrainak hitz egiten du".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena