Mundua
Geneva
Erredazkioa
Irango programa nuklearra geldiarazi dute sei hilabetez, eta epe horretan behin betiko akordio zabala lortzen saiatuko dira.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluko estatuek (AEB, Britainia Handia, Frantzia, Errusia eta Txina) eta Alemaniak akordio historikoa lortu dute Iranekin programa nuklearraren inguruan. Horrela, Iranek programa nuklearra etengo du sei hilabetez, eta behin betiko akordio zabala lortzen saiatuko dira epe horretan.
Catherine Ashton Europar Batasuneko atzerri gaietarako ordezkariak eman du akordioaren berri NBEren Genevako egoitzan, gaur goizaldean.
Ashtonek John Kerry AEBetako Estatu idazkaria besarkatu du eta emozio handiz agurtu ditu Frantziako, Errusiako, Alemaniako, Txinako, Britainia Handiko eta Irango Atzerri ministroak, akordioa lortzeko negoziazio gogorren ondoren.
Irani bonba atomikoa ekoiztea galaraziko dion itunaren berri izan eta berehala, Barack Obama AEBetako presidenteak prentsaurrekoa eman du eta "akordio handi" horri esker "mundua seguruagoa" dela azpimarratu du.
Obamak baieztatu du itun horrekin sei hilabetez geldiaraziko dutela Irango programa nuklearra, programa "helburu baketsuetarako soilik" izan dadin. "Hamarkada batean lehenengo aldiz, Irango programa nuklearra gelditzea lortu dugu", adierazi du agintari estatubatuarrak Etxe Zurian.
Obamak ohartarazi duenez, Iranek ez badu sei hilabeteko konpromisoa "erabat" betetzen, AEBek bertan behera utziko ditu programa nuklearragatik ezarritako isunei aurre egiteko emango dizkieten laguntzak.
Horren harira, Obamak aitortu du Israelek eta Golkoko aliatuek "arrazoi sendoak" dituztela "eszeptikoak" izateko.
Iranek dio "lehenengo pausoa" dela
Javad Zarif Irango Atzerri Gaietarako ministroa, bestalde, gustura agertu da akordioak konfiantza berreskuratzeko balioko dielako, programa nuklearra helburu militarrekin garatzen ari zirela pentsatzen zutenen aurrean.
Hala ere, hori "lehenengo pausoa" besterik ez dela eta orain, "berdintasunean eta errespetuan oinarrituta", alde guztiek lanean jarraitu behar dutela azpimarratu du.
Akordioaren baldintzak
Akordioaren baldintzei dagokionez, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak azaldu du sei hilabeteren buruan ez duela % 20ean aberastutako uraniorik izango, erabat diluituko dituzte eta. "Hori horrela, Iranek egun dituen 200 kilo uranio aberastu galduko ditu", adierazi du prentsaurreko batean. Era berean, Iranek onartu egin du "uranioa % 5etik gora aberasteari uko egitea".
Gainera, helburu baketsuak dituen programa nuklearra "aurrerago" egingo dituzten "negoziazio eta adostasunen" mende geratuko dira, eta "orduan ikusiko da uranioa aberasteko aukera izango ote duen", azaldu du Kerryk.
Bestalde, AEBetako Estatu idazkariak iragarri du "aurrekaririk" ez duen kontrol sistema ezarriko diotela Irango programa nuklearrari, instalazio nuklearretara "egunero" sartzeko aukerarekin.
Isun ekonomikoak
Kerryk gaineratu duenez, Iranek egin dituen ekarpenen truke, isun ekonomikoak arinduko dituzte.
Iranek petrolio esportazioarekin irabazitako 4.200 milioi dolar, atzerriko bankuetan blokeatuta daudenak, berreskuratuko ditu; eta 1.500 milioi dolar gehiago irabaz ditzake produktu petrokimikoen salmentarekin.
Kerryk, dena den, azpimarratu du isunek eragin handia dutela Irango ekonomian, itunak iraungo duen sei hilabeteetan 25.000 milioi dolar irabazteko aukerarik gabe geratuko baita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa