16:11

Mundua

Alerta

Zer dira arma kimikoak?

Erredakzioa

Siriako gatazkan ustez arma kimikoak erabili izanak polemika eta alerta sortu du nazioartean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arma kimikoak etsaia hiltzeko, zauritzeko edo gaitasunik gabe uzteko substantzia kimikoen ezaugarri toxikoak erabiltzen dituzten armak dira.

Ez dute lehergaien bidez suntsitzeko ahalmenik, hori da arma nuklearrekin edo ohiko armekin duten ezberdintasun nagusia.

Bestalde, arma biologikoek patogenoak erabiltzen dituzte, hau da, bakterioak edota birusak, gerrarako arma gisa.

Siriako gatazkan arma kimikoak erabiltzen ari ote diren polemikak alerta eragin du nazioartean.

Arma kimiko gisa erabiltzeko gizakiak asmatu duen nerbio-gas bortitzena VX nerbio-gasa da, baina badaude heriotza eragiten duten beste substantzia batzuk ere, tartean mostaza-gasa eta zianuro-hidrogenoa.

Gizakietan eta animalietan behin-behineko gaitasun eza, kalte iraunkorra edota heriotza eragin dezakeen edozein substantzia kimikoren erabilera debekatuta dago.

Lehen Mundu Gerran erabili ziren gas kimikoak eskala handian lehen aldiz. Ypresen Bigarren Guduan hasi ziren 1915eko apirilaren 22an, alemaniarrek kloroarekin Frantziako, Kanadako eta Aljeriako tropei eraso egin zietenean. Harrezkero, 50.965  tona gai kimiko erabili zituzten bi aldeek, biktimen arnas aparatuari kalte egiteko, gas negar-eragile gisa edo larruazalean erredurak sortzeko, hala nola kloroa, fosgenoa eta mostaza-gasa.

Nazioarteak arma kimikoak eta biologikoak erabiltzea debekatu zuen Lehen Mundu Gerraz geroztik.

Hala ere, geroago ere erabili izan dira, besteak bestea, Iranen eta Iraken arteko gerran, 80. hamarkadan, baita eraso terroristetan ere. Tokioko erasoak esaterako, hautsak harrotu zituen. 1995ean, bost eraso bateratutan sarin gasa bota zuten Tokioko metroan.

Debekua

Nazio Batuen Erakundeak suntsipen handiko armatzat ditu arma kimikoak.

Arma kimikoen inguruko Biltzarra arma horiek garatzea, ekoiztea, eskualdatzea, biltegiratzea eta erabiltzea debekatzen duen nazioarteko ituna da.

1993an sinatu zuten eta 1997. urteko apirilaren 29an sartu zen indarrean. Era horretan, arma kimikoen inguruko 1925eko Genevako Protokoloa zorroztu zuten.

Munduko herrialde ia guztiek egin dute bat Biltzarrak esaten duenarekin, baina bost herrialdek oraindik ez dute ituna sinatu: Angolak, Ipar Koreak, Egiptok, Somaliak eta Siriak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena