Mundua
Tentsioa areagotuz doa Korean
Erredakzioa
Gerra egoera baterako ebakuazio plan bat egitea aholkatu die Ipar Koreak kanpotarrei.
Hego Koreako soldaduak muga zaintzen. EFE.
Hego Korean bizi diren atzerritarrei ebakuazio plan bat egitea aholkatu die Ipar Koreak, gaur KCNA Ipar Koreako albiste-agentzia ofizialak zabaldu duenez.
Ipar Koreako Asia-Pazifikoko Bakerako Batzordearen bozeramaile batek egin du ohartarazpena, eta, baieztatu duenez, erregimen komunistak "ez du Hego Korean bizi diren atzerritarrak kaltetuta ikusi nahi gerra piztekotan".
Batzorde horretako bozeramaileak "aldez aurretik non babestu daitezkeen, eta herrialdetik irteteko ebakuazio planak aztertzea" gomendatu die.
"Gerra egoera"
Azken asteetan, Kim Jong-unek "gerra egoera" iragarri du Koreako penintsulan, eta Seul eta Washington "suntsitu" egingo dituela mehatxatu du. Horretarako, badaezpadako eraso nuklearrak erabiliko dituela adierazi du. AEBek Hawaiin, Guamen eta Japonian dituzten base militarren kontra ere eraso egingo dutela iragarri dute.
Horren harira, Piongiangek abisua bidali die Hego Koreari eta Ameriketako Estatu Batuei, eta edozein probokaziori "berehala eta errukirik gabe", eta, behar izatekotan, "eraso nuklear dibertsifikatua" eginez erantzungo diela ohartarazi die.
Gainera, asteazkenean hego-korear langileei Kaesongeko industrialdera (Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko kooperazioaren adibide bakarra) sarrera debekatuko diela iragarri zuen. Oraindik bertan jarraitzen dutenek apirilaren 10a izango dute bertatik alde egiteko azken eguna.
Erregimen komunistak neurri horiek guztiak Hego Koreak eta AEBek egindako mehatxuei aurre egiteko izan direla adierazi du: "Mugak gainditu dituzte, mehatxuak eta xantaia erabiltzetik gaur egungo gerra egoerara arte pasatu dira".
Proba militar eta nuklearrak
Mugimendu horiek iaz hasi ziren, eta Ipar Koreak helmen handiko koheteak jaurti eta saio nuklearrak egin izanak tentsioa areagotu du herrialdean.
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak horiek guztiak kondenatu ditu, eta 1718 eta 1874 ebazpenak bete eta proba nuklearrak eta misilenak ez egiteko eskatu diote Ipar Koreari.
Ipar Koreak eta Hego Koreak krisi sakonak izan dituzte azken urteetan, eta duela sei hamarkadatik gerra egoera teknikoan jarraitzen dute. Izan ere, Koreako Gerra (1950-1953) armistizio batekin bukatu zen, eta oraindik ere ez dute behin betiko bake itunik sinatu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa