Mundua
Venezuela
Erredakzioa
Gorpua Akademia Militarrera eramango dute asteazken honetan, eta hileta elizkizuna ostiralean izango da.
Albisteak (6)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (3)
galeriak (1)
Hugo Chavez Venezuelako presidentea hil egin da, minbiziak jota, 20 hilabetez gaixotasun horren aurka borroka egin eta gero, Nicolas Maduro presidenteordeak baieztatu duenez.
Chavezek proiektu sozialista bat utzi du ondare gisa, baina hutsune handia ere bai, Latinoamerikako lidertzan. Izan ere, bere oihartzuna eta eragina hainbat herrialdetara hedatu zen, hala nola Boliviara, Kubara, Ekuadorrera, Argentinara, Nikaraguara eta Kolonbiara (FARCekin bitartekari lanak egin zituen).
Orain, chavismoak Chavez gabe biziraun ahalko duen da zalantza nagusia.
Heriotzaren ostean, Venezuelan hauteskundeak egingo dituzte orain, 30 eguneko epean. Bien bitartean, Maduro presidenteordeak hartuko du agintea.
Chavez 16:25ean (21:55, Euskal Herrian) zendu da, 58 urte zituela, 2011. urteko ekainean minbizia atzeman eta lau ebakuntza egin eta gero.
"Martxoaren 5eko 16:25 aldera, Hugo Chavez komandantea hil da", iragarri du Madurok, telebistan, herritarrei albiste "tragikoaren" berri emateko. Ordu batzuk lehenago, Chavezen gaixotasuna "aberriaren etsaiek" eragin zutela esan zuen.
Presidenteordeak atsekabea "bakean eta lasaitasunez bideratzea" eskatu du, eta, era berean, batasunaren aldeko deia egin du. "Gizon handi baten oinordeko duinak izango gara, Chavez komandantea beti gogoan", esan du.
"Komandantea, zauden tokian, zuk babestutako herri honek mila aldiz eskerrak ematen dizkizu", erantsi du Madurok. Venezuelako presidenteordeak oso hunkituta egin du agerraldia, Gobernuko beste gainbat kiderekin batera.
Bestalde, Chavezen heriotzaren ostean "bakea" bermatzeko dispositibo militar berezia martxan jartzea agindu du Madurok.
HILETA, OSTIRALEAN
Venezuelako Gobernuak zazpi dolu egun deitu ditu. Gainera, klaseak bertan behera geldituko dira ostirala arte; egun horretan egingo dute hileta-elizkizuna.
Presidentearen gorpua asteazken honetan eramango dute Akademia Militarrera, eta bertan jarriko dute hil-kapera.
"Nazioarteko estatuburuekin eta gobernuburuekin egingo den ekitaldi ofiziala [hileta] ostiralean izango da, 10:00etan (15:30, Euskal Herrian), Venezuelako Akademia Militarrean", zehaztu du Elias Jaua Atzerri ministroak.
No tengo palabras. Eternamente, GRACIAS! Fuerza! Debemos seguir su ejemplo. Debemos seguir construyendo PATRIA! Hasta siempre papito mío!
— M.Gabriela Chávez C. (@Maby80) 5 de marzo de 2013
(Hugo Chavezen alabak, Maria Gabriela Chavezek, Twitterren idatzitako txio bat)
OPOSIZIOAK BATASUNA ESKATU DU
Enrique Capriles Venezuelako oposizioko buruak Hugo Chavezen senitartekoei eta jarraitzaileei "elkartasuna" adierazi eta herritarrei batasuna eskatu die.
"Hugo Chavez presidentearen jarraitzaileei eta senitartekoei nire elkartasuna, une honetan venezuelarren batasuna eskatzen dugu", esan du Caprilesek, Twitter sare sozialean.
OBAMAK "BABESA" ESKAINI DIE VENEZUELARREI
Barack Obama AEBetako presidenteak AEBen "babesa" eskaini die Venezuelako herritarrei, eta etorkizunean herrialdearekin "harreman eraikitzailea izatea" espero duela erantsi du.
"Venezuelako historian atal berri bat hasi da, eta Zuzenbideko Estatua, oinarri demokratikoak eta giza eskubideen errespetua sustatzen dituzten politikekin konpromisoa izaten jarraituko dute Estatu Batuek", azaldu du Obamak, agiri labur batean.
Ordu batzuk lehenago, AEBetako Gobernuak "zentzugabetzat" jo zuen Venezuelako Gobernuak Chavezen minbizia eragitea egotzi izana.
"AEBak Chavez presidentearen gaixotasunarekin lotzea zentzugabea da, eta erabat arbuiatzen dugu", adierazi du Patrick Ventrell Estatu Departamentuko bozeramaileak, agiri batean, Venezuelako agintariaren heriotza baieztatu baino minutu batzuk lehenago.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa