Gizartea
Erkidegoekin bilera
Erreforma 'onartezina' dela esan eta planto egin dio Kataluniak Werti
Erredakzioa
Bileratik alde egin du Kataluniako kontseilariak, eta Wertek dio ez dagoela erreforman katalana gutxiesten duen elementurik. Azken orduko aldaketak direla-eta, bilera berria deituko dute erkidegoekin.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak bilera berria deituko du hilaren 19rako hezkuntza arloko erkidegoetako ordezkariekin, gaurkoan jaso dituen kritiken aurrean. Hala iragarri du Mar Moreno Andaluziako kontseilariak, hiru ordu baino gehiagoko bileratik irten ondoren.
Morenok azaldu duenez, ''aldaketak hain denbora tarte txikian aurkeztuta, gaurko bilerak arauak urratzen zituen argi eta garbi''. ''Ministerioak egindako hanka sartze handia'' konpondu da. "Legearen aurrean ekintzak iragarriz aurre egin behar izan diogu, baina azkenean lortu dugu beste bilera bat deitzea'', azaldu du Andaluziako ordezkariak.
Marian Ozcariz Eusko Jaurlaritza jarduneko Hezkuntza sailburuordeak gaurko bileran ''forma-akatsa'' egon dela salatu du, erkidegoei gutxienez 10 eguneko epean bidali behar baitie informazioa Ministerioak, eta, gaurkoan salatu dutenez bezperan izan dute aldaketen berri. Bileratik irten ondoren, ''sosegua'' eskatu du Ozcarizek azken proposamenak plazaratu dituen ''garrantzia handiko aldaketak'' aztertzeko.
Kataluniak planto egin dio ministroari
Kritikekin batera, planto bati ere aurre egin behar izan dio Wertek gaurkoan. Izan ere, ministroak erkidegoetako hezkuntza ordezkariekin Madrilen egin duen bileratik alde egin du Irene Rigau Kataluniako jarduneko Hezkuntza kontseilariak, Gobernuak aurkeztu duen hezkuntza erreformak Kataluniako hezkuntzan izango lituzkeen ondorioak ''onartezinak'' direla esan ondoren.
Gaur arratsaldean Wertek testua berria aurkeztu duela azaldu du kontseilariak, baina atzokoarekin alde gutxi duela azaldu du. Beraz, bigarren hau ere ez du onartu Kataluniak. "Zirriborro berria ez dute inorekin eztabaidatu, eta kontraesanetan dago erabat Kataluniako Estatutuarekin eta Hezkuntza legearekin'', esan du Rigauk.
Wertek astearte honetan aurkeztu duen testu berriak DBHn eta Batxilergoan katalan maila egiaztatzeko azterketa egiteko beharra biltzen du (hasieran ez zegoen hori), baina Kataluniako ordezkariarentzat ez da ''nahikoa'' izan.
"Hizkuntzei dagokien atala bertan behera uzteko eskatu diot ministroari, hezkuntza proiektua hobetzen jarraitu ahal izateko'', esan du Rigauk. Testuak aurrera egiten badu Auzitegi Konstituzionalera joko dutela berretsi du Kataluniak.
Wertek, bestalde, erreformak katalana gutxiesten duen elementurik ez dagoela esan du.
Eusko Jaurlaritza ere kontra agertu da
Isabel Celaa jarduneko Hezkuntza sailburuak salatu duenez, Espainiako Gobernuaren hezkuntza-erreformarako proiektua ''inkonstituzionala, atzerakoia eta baztertzailea''da, eta "eskumenak urratzen ditu erabat". Halaber, Wert ministroaren jarrerak ''muga guztiak gainditu ditu'', Celaaren hitzetan.
''Testu bat hilabete baino gehiago lantzen aritu ondoren, bileraren bezperan bidali digu haren egiazko proposamena, eskuineko sektore kontserbadore eta atzerakoienen interesen neurrira egindako zirriborro bat ", salatu du sailburuak. "Gure proposametako bat ere ez dute kontutan izan eta, aurkeztu zaigunmodua kontuan hartuta, batere begirunerik gabe jokatu duela esandezakegu, inolaz ere onartuko ez duguna", adierazi du Hezkuntzasailburuak ohar horretan. ''Ministroak hirugarren mailako irakasgaibihurtu du euskara'', esan du Celaak.
Ildo beretik aritu da Marian Ozcariz Hezkuntza sailburordea Wert ministroak deitutako bilerara sartu aurretik. Izan ere, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren ordezkari gisa joan da Madrilera Ozcariz. Haren hitzetan, Espainian hezkuntza mailan hizkuntzen erabileraren inguruan zegoen ''adostasun konstituzionala apurtuko du'' lege berriak.
Erreformak gaztelania inposatuko die erkidego elebidunei
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Legearen zirriborroa aurkeztu die astearte honetan Gobernuak Autonomia Erkidegoetako Hezkuntzaren ordezakariei. Zirriborro horren erebera, autonomiei zentro pribatuan gazteleraz plaza bat nahi duten gurasoei ordaintzea eskatuko die, erkidego horrek zentro publiko edo hitzartu batean hizkuntza horretan eskaintzarik ez dagoenean, bi hizkuntzen arteko "proportzio zentzudunik" ezarri ez denean. Halaber, hizkuntza koofizialak espezialitateko ikasgai izango dira.