Gizartea
Hezkuntza
Hamabi erreformaren ostean, Espainiako hezkuntzak oraindik ere porrot
Erredakzioa
Wert ministroaren erreforma 13.a da 1980. urtetik. Ondorioa? Espainia eskola-porrot handiena duen Estatua da Europar Batasunean.
-
Derrigorrezko hezkuntza zazpi aldiz erreformatu dute. EITB
Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreforma hamahirugarrena da Espainian demokrazia berriz ezarri zutenetik. Emaitzak begi-bistan daude: Espainiaren hezkuntza sistema Europa osoan emaitza txarrenak dituena da. Salbuespena, erkidego elebidunak.
1980. urtetik, 12 lege organiko onartu dituzte Estatuan hezkuntza erreformatzeko. Zazpi derrigorrezko hezkuntzari buruzkoak izan ziren, lau unibertsitateko ikasketei buruzkoak, eta, beste bat, Lanbide Hezkuntzari buruzkoa.
Ondorioa? "Hezkuntza denentzat" Unescoren txostenaren arabera, Espainia eskola-porrot handiena duen Estatua da Europar Batasun barruan.
Aipatu txostenean irakur daitekeenez, 15 eta 24 urte arteko hiru espainiarretik batek bigarren hezkuntza bukatu baino lehen uzten ditu ikasketak. Europan, bost ikasletik batek egiten dute. Unescok "kezkagarri"tzat jotzen ditu datuok.
Euskadin, eskola-porrota % 15ekoa da, hau da, Europako batez bestea bezalakoa. Asturias, Madril eta Galizia batez bestaren azpitik daude, eta beste hainbat, Katalunia, Kanariar uharteak, Extremadura, Gaztela-Mantxa, Andaluzia, Murtzia, Ceuta eta Melilla, aldiz, gainetik.