Itxi

Gizartea

Hilketa matxista

Apirilaren 25ean Haron gizon batek hil zuen emakumea Gasteizkoa zen

EITB Media

Arabako hiriburuko Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko, 12:00etarako, Espainia Plazan, "Gasteiz, eraso matxisten aurka" lelopean.

  • Hilketa matxista Haron

    Hilketa matxista Haron. Argazkia: Europa Press

Apirilaren 25ean gizon bat atxilotu zuten Haron (Errioxa) bikotekidea hiltzea egotzita, eta hilketa gertatu eta bi astera Gasteizko Udalak jakinarazi du biktima gasteiztarra zela. 

"Hilketa matxista honen aurrean, gure gaitzespena eta babesa adierazi nahi dizkiogu eraildako emakumearen familiari, eta horren esku utzi nahi ditugu gure baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak", esan du Udalak ohar batean.

Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larri bat dela berretsi, eta azpimarratu du hilketa dela matxismoaren adierazpen larriena, bai eta duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako lehen mailako arazo sozial bat ere.

"Ez da gertaera isolatu bat, gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea bat da, helburu duena emakumeen mendekotasuna iraunaraztea, ez dadin egon egungo sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak urratzen dituen gorputz, eredu edo portaerarik", adierazi du.

Ildo horretan, erakunde publiko gisa emakumeei oinarrizko giza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu du, eta horretarako neurriak iragarri ditu, "edozein eraso matxistari erantzuteko".

Hori horrela, Arabako hiriburuko Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko, 12:00etarako, Espainia Plazan, "Gasteiz, eraso matxisten aurka" lelopean.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN