Itxi

Gizartea

HEZKUNTZA

Iruarteta eskolako gurasoek salatu dute 6 urteko mutil batek ikaskideei "etengabe" eraso egiten diela

EITB Media

Ikasleen gurasoek neurriak eskatu dituzte bere seme-alabak erasotzailearengandik babesteko. Azaldu dutenez, erasoak lehendabiziko egunean hasi ziren, eta, geroztik, haur guztiei egin die eraso noizbait.

  • Kontzentrazioa Bilboko Iruarteta eskola publikoaren atarian

    Kontzentrazioa Bilboko Iruarteta eskola publikoaren atarian. Argazkia: Iruarteta eskolako familiak

Bilboko Iruarteta eskola publikoko hainbat familiak mobilizazioak hasi dituzte seme-alabek ikasgelan jasaten duten "etengabeko indarkeria egoera" salatzeko. Hedabideetara bidalitako ohar batean azaldu dutenez, 6 urteko mutiko batek irakasle eta ikaskideei eraso egiten die.

Gurasoen arabera, Hezkuntzako Ikuskaritzaren eta Arartekoaren aurrean salatu dute egoera, baina "egoerak berdin jarraitzen du, umea gelan dago oraindik, eta ikasle eta irakasleei eraso egiten die".

Hori dela eta, erabaki dute ikastetxearen atarian kontzentrazioak egitea —pasa den astelehenetik datorren ostiralera— 09:00etatik 09:15era, erasoak salatu eta Hezkuntza Sailari eta Eusko Jaurlaritzari neurriak har ditzala eskatzeko.

Familiek kontatutakoaren arabera, beste eskola batetik etorritako mutiko bat sartu zenean hasi ziren arazoak. "Ikasle hasiberriak ingurukoekin harremanak izateko arazo larria dauka, eta irakasle eta ikaskideen kontrako indarkeriazko jarrera du", zehaztu dute.

Erasoak "lehendabiziko egunean" hasi zirela salatu dute, eta adierazi ordutik ikasle horrek "haur guzti-guztiei" egin diela eraso noizbait. Egoeraren larritasun-maila zein den irudikatzen laguntzeko, eraso horien adibideak jarri dituzte: "arkatza ikaskide baten lepoan sartu", "aulki bat haur baten buru gainera bota eta hematoma bat eragin", "haur baten burua mahaiaren kontra etengabe kolpatu eta matrailean min larria eragin", "haur baten burua esekilekuaren kontra kolpatu eta horren metalezko zatia buruan sartu", "ikaskide baten gainean pixa egin", "haur bat aurpegian jo, sudurra handituta eta odola dariola utzi arte", eta bera "geldiarazten saiatzen diren irakasleei koska egin". 

"Egunero" eta "etengabe" pairatzen dituzten eraso horiek direla eta, ikasleak beldur dira eta horietako batzuek ez dute eskolara joan nahi. "Gurasook beldur gara, okerrena ere etorri daitekeela uste dugu eta, ez ote dio eraso batek gure seme-alaben bati biziarteko lesio bat eragingo", gehitu dute.

Hori guztia dela eta, familiek uste dute haur horrek, orain dagoen moduan, ezin duela beren seme-alabekin batera ikasgelan egon . Gaineratu dute ikasgelatik atera eta "instituzioek behar bezala lagundu eta artatu" behar dutela.

"Ahalegin guztiak" egiten ari direla ziurtatu du Hezkuntza sailburuak

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak onartu du atzo izan zuela Iruarteta ikastetxean bizi duten egoeraren berri. Hala ere, sei urteko haurrak izaki, horri buruzko informazioa "zuhurtziaz eta tentuz" jorratu behar dela uste du.

Edozein kasutan, argi utzi nahi izan du "Hezkuntza Saila, Hezkuntza Ikuskaritza, (Iruartetako) zuzendaritza eta gizarte zerbitzuak lanean" ari direla "gai oso konplexua eta zaurgarritasun handikoa delako".

Familien kezka ulertzen duela ziurtatu ondoren, nabarmendu du Hezkuntza Saila egoerari irtenbidea emateko "ahal beste ahalegin" egiten ari dela.