Itxi

Gizartea

LASTERKETA

Behobia-Donostian izena emeateko epe orokorra asteazkenean irekiko da, eta dei berezia egin zaie emakumeei

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Azken aldian, gero eta emakume gehiagok eman dute izena. 20-30 urte artean, dagoeneko % 40ko partaidetza langa gainditu da azken edizioetan.

  • Aurreko lasterkata baten argazkia

    Aurreko lasterkata baten argazkia. Artxiboko argazkia: EFE.

Fortuna kirol elkarteak Behobia-Donostia lasterketaren aurtengo ediziorako izen-emate orokorra zabalduko du asteazkenean, maiatzaren 7an, eta, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera, parte hartzeko dei berezia egin die emakumeei, duela zazpi urte hasitako 'BSS 50/50/25' proiektuaren bidean.     

Antolatzaileek konpromiso bat hartu zuten orduan kirolean ere genero berdintasunaren alde egiteko, 2025 urtean lasterketako partaideen erdiak emakumeak izan zitezen. Bada, aurtengo izen-emate epe orokorra asteazkenean irekiko denez, antolatzaileek, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak deialdi berezia egin diete emakumeei aurtengo lasterketan parte har dezaten eta, hala, 2025erako ezarritako 50-50 parekidetasun helburura gerturatzeko, "Egin dezagun posible" lelopean.

Iñigo Etxeberria Behobia-Donostia lasterketaren koordinatzaileak astelehen honetan egindako agerraldian azaldu du emakumeen belaunaldi berri baten partaidetzan igoera handia egon dela. "Asko pozten gaitu lasterketan emakumeen belaunaldi berri eta indartsu bat agertu izana, 20-30 urteko adin tartean", izan ere, langa horrek "% 40ko partaidetza langa gainditu" du azken edizioetan, gaineratu du.

Era berean, gogorarazi du 'BSS 50/50/25' proiektua aurkeztu zutenean bazekitela "epea motza" zela, baina horrela "normaltasun eza" adierazi nahi izan zutela. "Garbi dago mugak ez direla fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baizik. Aurten, enfasi berezia jarri nahi izan dugu proiektuan, Behobia-San Sebastian parekide horretara iritsi ahal izateko", esan du.

Bestalde, Ibone Bengoetxea Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, "kirola gizarte eraldaketarako tresna da eta 'BSS 50/50/25' proiektua horren isla da".

"Proiektu honek badu zerbait berezia: gizartetik sortu da gizartearentzat. Erakundeon lana proiektu hauek laguntzea eta bultzatzea da. Horregatik, gaur, emakumeak animatzen ditugu pauso bat aurrera ematera eta proiektu honen azken kilometroetara batzera".

"Izan ere, aurten iritsiko gara ezarritako helmugara. Baina aldaketa sozial honek ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu, bideari eutsi behar diogu", azaldu du.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN