Gizartea
Epaiketa
Behin-behinean espetxera bidali dute Tuteran eta Ribaforadan bi nekazari hiltzeagatik auzipetutako gizona
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroan eta Lleidan hiru nekazari hiltzea leporatzen diote gizonari, eta Nafarroako hilketen auzian, uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeri. Hark espertxera bidali du behin-behinean.
-
Ustezko hiltzailea eraman duen furgoneta. Argazkia: EFE
Hiru nekazariren hilketa —bi Nafarroan eta bat Lleidan— egotzita iragan martxoan Frantzian atxilotu zuten gizona espetxera bidali du epaileak behin-behinean.
Yihadismoagatik zigorra jasotakoa den gizona martxoan atxilotu zuten Frantzian, 2023 amaiera eta 2024 hasiera artean hiru nekazari hiltzea leporatuta -Tuteran bat, Ribaforadan beste bat eta Lleidan hirugarrena-, eta atzo utzi zuten Espainiako Poliziaren esku.
Ostiral honetan Nafarroako bi hilketak ikertzen ari den epailearen aurrean egin duen agerraldi labur baten ostean espetxera bidali du hark behin-behinean.
Besiersen (Frantzia) atxilotu zuten martxo bukaeran, Polizia Nazionalak, Guardia Zibilak eta Esquadra Mossoek egindako operazio batean.
Auzitegi Nazionalak Estatu Islamikoarekin (EI) Sirian borrokatzen saiatzeagatik bi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarria zion, eta espetxe zigorraren ordez jarritako eskumuturreko telematikoa kendu zuen akusatuak lehen hilketa gertatu baino bi hilabete lehenago.
Hiru hildakoak adineko nekazariak ziren eta landa-lanean ari zirela erail zituzten, lehena 2023ko azaroaren 22an, Tuteran; bigarrena, abenduaren 21ean, Ribaforadan; eta hirugarrena, 2024ko urtarrilaren 5ean, Vilanova de la Barcan.
Vilanova de la Barcako hilketaren tokitik kilometro gutxira Ribaforadako nekazariari lapurtutako autoa aurkitu izanak piztu zuen hiru hilketak lotuta egon zitezkeen hipotesi poliziala, eta egilea pertsona bera zela pentsatzera eraman zituena.