Gizartea
EGURALDIA
Euria eta ekaitzak, Euskal Herriko hainbat txokotan
EITB MEDIA
EAEn, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatu du 18:00etan (gauerdira arte). Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Nafarroako erdialdea eta Erribera alerta laranjan egon dira 16:00-22:00 tartean. Ipar Euskal Herria ere abisupean dago ekaitzengatik (21:00-00:00).


Agintariek Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroa ia guztian eta Ipar Euskal Herrian abisuak ezarri dituzte euri zaparrada eta ekaitzengatik.
EAEn, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du 18:00etan (gauerdira arte). Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu, eta zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke. Zaparradekin batera txingorra egin dezake, eta haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke (60-80 km/h).
Nafarroan ere antzeko abisua eman du Aemetek. Foru erkidegoaren erdialdea eta Erribera alerta laranjan egon dira 16:00-22:00 tartean, ekaitza eta kazkabarra direla eta. Horrez gain, ordubetean metro koadroko 30 litroko euriteak izango dira.
Azkenik, Ipar Euskal Herria ere abisupean dago ekaitzengatik (21:00-00:00).
Larunbatean tenperaturak nabarmen egingo du behera eta zaparradak botako ditu, batez ere goizean. Ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da ia egun osoan, batez ere kostaldean, mendi inguruetan eta Ebro ibarrean. Goizean zerua estalita egongo da, eta zaparradak botako ditu, batez ere ipar partean eta bertan ekaitzak ere jo dezake. Arratsaldean zaparradak tartekatuagoak izango dira eta batez ere Gipuzkoa ipar-ekialdean eta Nafarroa ipar partean botako ditu. Gainerako zonaldeetan, oro har, ateri egongo da eta ostarte batzuk irekiko dira, batez ere hegoaldean. Tenperatura maximoak 14-16 ºC ingurukoak izango dira.
Igande goizean euri pixka bat eta arratsaldean hobetuko du. Eguerdira arte ipar-mendebaldeko haizeak gogor jotzen jarraituko du; eta zerua lainotuta egongo da; tarteka zaparradak botako ditu, batez ere lurraldearen ipar-ekialdean. Arratsaldean, ordea, hodeitza arinduz joango da eta ostarteak irekiko dira; Gipuzkoa ipar-ekialdean eta Nafarroa ipar partean, berriz, gehiago kostako zaio eguraldiari jasotzea. Tenperatura zertxobait igoko da.
Astelehenean, lanbroa eta goizeko lainoa. Zerua apur bat hodeitsu egongo da. Hegoaldeko haize ahul-bizia. Tenperatura igoko da.