Itxi

Gizartea

TRAFIKO BALANTZEA

Joan-etorri gehiago, istripu gutxiago eta hildakorik ez Aste Santuan, EAEko errepideetan

AGENTZIAK | EITB Media

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutako balantzearen arabera, trafiko bolumena aurreikusi baino handiagoa izan da, 1.070.000 bidaiarekin, eta iazko datuekin alderatuta ere % 1,35 egin du gora.

  • Auto-ilarak AP-8 autobidean Irunen, Baionara bidean, 2025eko Aste Santuan

    Auto-ilarak AP-8 autobidean Irunen, Baionara bidean, 2025eko Aste Santuan. Argazkia: Trafikoa

Aste Santuan aurreikusi baino ibilgailu kopuru gehiago ibili dira EAEko errepideetan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak asteazken honetan zabaldutako balantzearen arabera, trafiko bolumena aurreikusi baino handiagoa izan da, 1.070.000 bidaiarekin, eta iazko datuekin alderatuta ere % 1,35 egin du gora. Halaber, pasa den urtean baino % 24 istripu gutxiago izan dira eta ez da inor hil, ezta larri zauritu ere.

Segurtasun Sailaren arabera, Aste Santuko ibilbide luzeko joan-etorri kopuruak eguraldiaren arabera egiten du gora edo behera.

2023an eguzkia izan zen nagusi, eta trafiko bolumenak % 2 egin zuen gora; 2024an, euriak bustita, igoera % 0,6koa izan zen, eta aurten, eguraldi ezegonkorra izanagatik ere, joan-etorriak % 1,35 hazi dira.

Joan-etorri kopurua igo bada ere, ezbehar gutxiago izan dira errepideetan. Apirilaren 16tik 21era bitartean 74 istripu erregistratu dira, baina ez da hildakorik ezta larri zauritutakorik izan.

Iaz, 97 istripu eta lau zauritu larri izan ziren EAEko errepideetan, eta, hortaz, aurreko urteko datuekin alderatuta, % 24 istripu gutxiago izan dira.

Trafiko-fluxurik handienak ohiko puntuetan erregistratu dira:  A-8 errepidean (Bizkaia eta Kantabria arteko mugan), AP-8 autobidean (Irunen) eta Armiñongo lotunean (Araban).

Bizkaian, arazorik handienak apirilaren 17an, ostegunean, izan ziren A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean eta Kantabriarako noranzkoan. Puntu horretan, 15 kilometrorainoko ilarak sortu ziren.

Gipuzkoan, 7 eta 8 kilometrorainoko ilarak sortu ziren aurreko asteazkenean eta ostegunean, AP-8 autobidean, Irunen, Baionarako bidean, irteera operazioaren baitan.

Araban, asteazkenean eta ostegunean, 5 kilometrorainoko ilarak sortu ziren A-1 errepidean, Armiñongo lotunean, Madrilera bidean.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN