Gizartea
Eskola-kirola Gipuzkoan
Auzitegi Nagusiak epaia berehala betetzeko agindu du, eta Multikirola ez da derrigorrezkoa izango Gipuzkoan
Agentziak | EITB Media
Horrela, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa izango 13 urtetik beherakoek Gipuzkoako Aldundiak bultzatutako Multikirola programan parte hartzea kirol klub batean izena eman ahal izateko.
-
Eskola-kirola. Irudia: EITB
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako eskola-kirolari buruzko epaia berehala betetzeko agindua eman du. Hori dela eta, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa izango 13 urtetik beherakoek Aldundiak babestutako Multikirola programan parte hartzea kirol klub batean izena eman ahal izateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du Multikirolaren araua salatu zuen familia batek aurkeztutako helegitea, eta epaia berehala betetzeko agindu dio Aldundiari, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaiaren funtsari buruz aurkeztutako errekurtsoa ebatzi bitartean.
Foru erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "onartu eta errespetatu" egiten du erabakia, eta ez du helegiterik aurkeztuko; beraz, gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa izango ikastetxeetako Multikiroleko jardueretan parte hartzea klub batean izena eman ahal izateko.
Gipuzkoako kirol anitzeko programa kirol minoritarioak babestera eta umeek hainbat diziplina probatzekko aukera izan dezaten bideratuta dago, diziplina jakin bat aukeratu aurretik. Programaren araudiaren arabera, ikastetxeetako kirol klubetan parte hartzeko derrigorrezkoa da Multikiroleko jarduera horietan ere parte hartzea. Bizkaian eta Araban ez da gauza bera egiten.
Pasaiako familia batek bi alabak saskibaloi klub batean izena emanda zituen, eta derrigortasun horren aurka egitea erabaki zuen. Horretarako, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien, "bi neskek kirol-hastapeneko unitatean izena emateko duten eskubidea" aitortu baitzien, beren ikastetxeko "Multikirola programan parte hartu beharrik gabe".
Errekurtsoa jarri zuen familiak Kirolaren Euskal Legera jo zuten, 6 eta 12 urte bitartean "jarduera fisiko ludiko eta kirolzale bat bermatuko dela" jasotzen baitu. Auzitegi Nagusiak, epaia emateko, interpretatu du arauak Multikirolaren eskaintza bermatzen duela, "baina inola ere ez du inposatzen", Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hamarkadetan egin izan duen bezala.
Erabakiaren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpena berehala aplikatzeko agindua eman du, Aldundiak jarritako kasazio-errekurtsoa alde batera utzita.
Aldundiak berretsi egin du "Gipuzkoako kirol hastapenean parte hartzen duten eragileekin lanean jarraitzeko konpromisoa, lurraldeko haur guztien kirola egiteko eskubidea bermatzeko", uste baitu eskubide hori "erakunde publikoek babestu eta sustatu behar dutela".