Itxi

Gizartea

HAURTZAROA ETA NERABEZAROA

Zeuk Esan adin txikikoen arretarako zerbitzuak 2.197 kontsulta jaso zituen iaz, 2023an baino 572 gehiago

EITB Media

Haur eta nerabeei arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak 15 urte bete ditu eta iazko apiriletik 24 orduz eta urteko 365 egunetan dago zabalik.

  • Zeuk Esan zerbitzuaren 2024ko datuak

    Zeuk Esan zerbitzuaren 2024ko datuak. EITB Media

Haur eta nerabeei eta haien familiei laguntza ematen dien Zeuk Esan (116 111 telefono-zenbakia) Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak 2.197 kontsulta jaso zituen 2024an, aurreko urtean baino 572 gehiago. Halaber, 1.345 pertsona jarri ziren harremanetan zerbitzuarekin (azken 12 urteetako kopururik handiena), izan telefonoz, postaz edo sare sozialen bidez. Kontsulta guztien erdiak baino gehiago (1.290) adingabeek egin zituzten, eta 907, helduek.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak eta Ana Belen Otero Ongizateko sailburuordeak eman dituzte haur eta nerabeak artatzeko zerbitzuaren 2024. urteko datuak, gaur goizean Bilbon egin duten prentsaurrekoan.

Iaz, Zeuk Esan zerbitzura deitu zuten 1.290 adingabeen % 62k 16-17 urte zituzten, % 30ek 12-15 urte eta % 8k 12 urte baino gutxiago. Halaber, zerbitzua erabili zuten 12 urtetik beherakoen kopurua erlatiboki handitu zen —2023an 17 haur izatetik 2024an 68 haur izatera—.

Sexuari dagokionez, % 59 neskak izan ziren eta % 40 mutilak.

Adingabe gehienek telefono bidez jo zuten Zeuk Esan zerbitzura (% 95), eta 2024an, lehen aldiz, 22 adingabe Instagram bidez jarri ziren harremanetan zerbitzuarekin. Helduei dagokienez, % 90k telefonoa erabili zuten, eta % 10ek, posta elektronikoa.

Kontsulta egiteko arrazoiak kontuan hartuta, gehienak (% 39) ondoeza psikologikoagatik egin ziren (antsietatea, depresioa, hitz egiteko beharra, tristura...), eta % 14 jazarpenagatik (irainak, indarkeria fisikoa, isolamendua). Gainera, 145 kontsulta familia harremanei lotutako arazoengatik izan ziren (gurasoen maitasun falta, komunikazio falta, banaketa prozesuak...) eta portzentaje txikiagoan sexualitateari buruzko zalantza edo kezkek bultzatuta (81 kasu) edo genero indarkeriari lotutako salaketengatik (12 kasu).

Zeuk Esan zerbitzuak 15 urte bete ditu eta iazko apiriletik 24 orduz eta urteko 365 egunetan dago zabalik.

116 111 telefono zenbakira egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. Aipaturiko telefono zenbakiaz gain, beste komunikazio bide batzuk ere baditu: newsletter bat, Zeuk Esan webgunea, posta elektronikoa (zeukesan@euskadi.eus), Instagram (@zeukesan), X (@Zeukesan), Facebook (Zeukesan) eta Youtube (@Zeukesan). 

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN