Gizartea
TRAFIKOA
Normaltasuna errepideetan, Aste Santuko Itzulera Operazio betean
EITB MEDIA
Hala ere, trafikoa ugaritzea espero da orduek aurrera egin ahala. Segurtasun Sailak arreta bereziz gidatzeko eskatu du, besteak beste, A-8 autobidean, Kantabriako mugan; AP-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan; eta A-1 eta AP-1 errepideek bat egiten duten tokian, Armiñongo lotunean.
-
A8 autobidea. Argazkia: EFE
Errepideetan normaltasuna da nagusi oraingoz, baina batez ere eguerditik aurrera espero da trafikoa ugaritzea, eta, ondorioz, auto-ilarak sortzea.
Jaiegunak eta askorentzat oporrak amaitu ondoren, Pazko Astelehena etxera itzultzeko eguna izango da herritar askorentzat. Aste Santuko Trafiko Operazio Berezia asteazkenean, hilak 16, 15:00etan jarri zen martxan, eta astelehen honetan, hilak 21, amaituko da, 21:00etan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1.064.000 joan-etorri aurreikusi ditu Aste Santurako (apirilaren 16tik 20ra), iaz baino pixka bat gehiago.
Eusko Jaurlaritzak arreta eskatu du egun osoan, gaurko egunez trafiko fluxu handiak erregistratu ohi direlako, batez ere eguerditik 22:00etara, oporraldiaren itzulera irteera operazioan baino modu kontzentratuagoan egiten delako.
Ertzaintzako 200 agente inguru arituko dira trafikoa zaintzen eta kontrolatzen, zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin. Hauek dira pilaketak izatea espero den puntuak:
A-8an, Kantabriako mugan:
Itzulera Operazioan, 13:00etatik 21:00etara izan ohi da ibilgailu kontzentraziorik handiena Bilborako norabidean, Pazko Astelehenean. Aurten, berrikuntza gisa, puntu honetan garabi arineko zerbitzu bat izango da. Ibilgailuak azkartasunez erretiratzeko prebentzio zerbitzu bat izango da, istripu edo matxura bat gertatuz gero, leku seguru batera eramateko. Garabia El Haya-Bilbao tartean egongo da, Bilborako norabidean, 15:00etatik 21:00etara.
AP-8 autobidean, Biriatuko ordainlekuan:
Pazko Astelehena jai da Frantzian eta, horren ondorioz, trafiko handia egoten da Donostiarako noranzkoan.
A-1 eta AP-1 bat lotzen diren lekua, Armiñongo lotunean:
Pazko Astelehenean, trafiko-fluxu handiak izaten dira 12:00etatik 22:00etara.
Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren gomendioak:
-Errepidera atera baino lehen, klimatologiaren berri jaso, Euskalmeten bidez, eta trafikoaren egoeraren azken ordua ezagutu, 011 telefono-zenbakiaren, trafikoa webgunearen edo @trafikoaEJGV X kontuaren bidez
- Kontu handiz gidatu
- Ibilgailua bidaia egiteko baldintza egokietan dagoela ziurtatu
- Otordu oparoak saihestu, eta alkoholik edo drogarik ez kontsumitu, ez eta gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ere
- Trafikoko agenteen jarraibideei kasu egin
200 hegaldi baino gehiago
Errepideetan bezala, joan-etorri handiko eguna espero da aireportuetan.
Bilboko Aireportuan gaurkoa izango da Aste Santu osoko hegaldi gehieneko eguna, guztira 178 hegaldi espero baitira.
Gasteizko Aireportuan 13 hegaldi programatuta daude, Donostiakoan, 12, eta Iruñekoan, 11.