Gizartea
Hilketa matxista
Gizon bat atxilotu dute Tarragonan, hark bere bikotekidea hil duela aitortu ostean
EITB Media
Mossoek larunbat honetan jakinarazi dutenez, ostiralean A-7 autobidean patruila baten ondoan gelditu eta aitortu egin zien Castellon hil zuela bikotekidea eta haren gorpua zeramala autoko maletategian. Hori baieztatuta, atxilotu egin zuten Mossoek, hilketa egotzita.
Esquadra Mossoek gizon bat atxilotu dute Tarragonan, hark bere bikotekidea hil duela aitortu ostean.
Gaur jakinarazi badute ere, atxiloketa ostiralean 18:00ak aldera izan zen, AP-7 autobidean garabi bati laguntzen ari zen patruila batek ibilgailu bat bide horretan gelditu eta gidaria autotik jaisten ikusi zuen.
Ikerketaren gertuko iturriek EFEri jakinarazi diotenez, gizona poliziengana joan zen eta aitortu zien Castellon bikotekidea hil zuela eta maletategian zeramala haren gorpua.
Orduan, agenteek egiaztatu zuten maletategian indarkeria zantzuak zituen emakume baten gorpua zegoela, eta jarraian gizona atxilotu zuten, hilketaegotzita.
Mossoek EFEri jakinarazi diotenez, gizona komisaldegian dago atxilotuta, eta emakumearen gorpua Tarragonako Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dute, autopsia egin diezaioten.
Tarragonako Ikerketa Kriminaleko sailak bere gain hartu du kasua, eta sekretupean dago.
Generalitateko Berdintasun eta Feminismo Sailak, bestalde, adierazi du jarraipena egiten ari zaiola "Castellon izandako feminizidio bati, ustezko hiltzailea Constantin entregatu ostean".