Itxi

Gizartea

Eguraldia

Zaparradek eta haizeak hegaldiak atzeratzea eta prozesioak bertan behera uztea eragin dute

EITB Media

Adituek iragarri bezala, ostiral arratsaldean sartu da frontea, eta mendebaldetik ekialdera lurralde osoa zeharkatu du bidean zaparrada handiak eta 100 km/h-tik gorako haize-boladak utziz. Asteburu osoan jarraituko dute euri kontuek.

  • Ekaitza Kontxako hondartzara hurbiltzen, gaur arratsaldean. Argazkia: Ines Erkizia Santamaría.

    Ekaitza Kontxako hondartzara hurbiltzen, gaur arratsaldean. Argazkia: Ines Erkizia Santamaría.

Udaberri giroan eta bero igaro da Ostiral Santuko goiza, maximoak 20 ºC-tik gorakoak izan dira lurralde osoan, eta 25 ºC-tik gorakoak Donostian eta Hondarribian, esaterako. Baina, arratsaldearekin batera iritsi da adituek iragarritako aldaketa. 

Denboralea hego-mendebaldetik sartu da Euskal Herrian, lurralde osoa zeharkatu du eta zaparrada handiak bota ditu lurralde osoan. Txingorra ere bota du zenbait tokitan. Ur-pilaketa nabarmenak izan dira, hala nola 8,8 litro 10 minututan Sarrian, 7,1 litro Mañarian eta Lasarten edo 6,2 litro Gorbeian.

Zeru ilun Beriain eta Aralar artean. Argazkia: Ana Balda Sanjuan.

Zeru ilun Beriain eta Aralar artean. Argazkia: Ana Balda Sanjuan.

Haizeak ere gogor jo du ekaitz garaian, Matxitxakon 115 km/h-ko ufadak neurtu dira, Belauntzan 109 km/h-koak, Untzuetan 107,6 km/h-koak eta Urkiolan 96 km/h-koak.

Haizeak eragina izan du Loiuko aireportuko operazioetan eta hegaldi gehienen irteerak atzeratu dira arratsalde partean, eta Bilbon lur hartzekoak ziren batzuk Bartzelonara edo Santanderrera desbideratu dira.

Denboralearen ondorioz, Iruñean ehorzketa santuaren prozesioa atzeratu egin behar izan dute eta Hondarribian isiltasunaren prozesioa bertan behera utzi behar izan dute.

Arratsaldeak aurrera egin ahala eta frontea pasatzen zihoan neurrian, nolabaiteko baretasunari bide ematen badio ere, euria kontuekin jarraituko dugu asteburu osoan zehrar. 

Sokoa. Argazkia: Jon Vazquez Virto.

Sokoa. Argazkia: Jon Vazquez Virto.


Astebururako aurreikuspena

Larunbatean, Euskal Herriko zeruan hodeiak sartuko dira mendebaldetik ekialdera, eta egunaren bigarren partean zaparrada txikiak eta noizbehinkakoak botako ditu. Baliteke arratsalde-gau partean zaparrada mardulagoak botatzea, trumoi-ekaitzak lehertu eta txingorra egitea.

Elur-kota 1.200 edo 1400 metro inguruan kokatuko da.

Euskalmetek jakinarazi duenez, mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin kostaldean, eta hego-mendebaldekoa nagusituko da arratsaldean. Tenperaturak behera egingo du, maximoek bereziki.

Tenperaturak 8 eta 16 ºC artekoak izango dira Donostian, 9 eta 16 ºC artekoak Baionan, 9 eta 17 ºC artekoak Bilbon, 4 eta 13 ºC artekoak Gasteizen eta 6 eta 14 ºC artekoak Iruñean.

Kantauri itsasoan hegoaldeko haizeak joko du, hiru eta lau arteko indarrarekin, eta azken orduetan mendebaldera aldatuko. Itsaso kizkurra izango da, itsasikara bihurtuko dena, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa egongo da, metro bateko olatuekin.

Iganderako zaparrada txikiak espero dira. Kantauri isurialdean mardulak izan daitezke tarteka eta trumoi-ekaitzak jo dezake, batez ere egunaren lehen partean.

Elur-kota 1.200 edo 1.500 metro inguruan kokatuko da, eta hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, baina goizean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du; tenperatura minimoek, berriz, ez dute aldaketarik izango, eta maximoak apur bat jaitsiko dira.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN