Itxi

Gizartea

Eguraldia

Eguraldi aldaketa arratsaldean: euria, haizea eta tenperaturak behera

EITB MEDIA

Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta tarteka zaparrada batzuk botako ditu, trumoi-ekaitzekin batera. Larunbatetik aurrera, zaparrada sarriak eta mardulak.

  • Hainbat pertsona, aterkipean, Bilbon.

    Hainbat pertsona, aterkipean, Bilbon. EFE

Gaur goizeko eguraldi onaren ostean, asteburu euritsua izango dugu, jaitsiera termikoa eta haize bizia kostaldean, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera.

Ostiralaren lehenengo partean giroa lasaia izango da. Goizean hodeiak eta ostarteak izango dira eta ez du euririk egingo. Arratsaldean hodeiak gailenduz joango zaizkie ostarteei eta euritara joko du. Arratsalde-gau partean zaparrada batzuk botako ditu han-hemenka, eta ekaitzak jo dezake. Hego-haizea ibiliko da eta tenperatura maximoek gora egingo dute nabarmen; 20 ºC-tik gorakoak izango dira. Egunaren amaieran mendebaldeko kostaldean haizea mendebaldera aldatuko da, bolada oso gogor batzuekin.

Larunbataren lehenengo partean zerua estalita egongo da eta zaparradak sarri botako ditu; zenbait lekutan mardulak izan daitezke. Mendebaldeko haizea bizi ibiliko da orduan. Egunaren erdiko orduetan haizea hego-mendebaldera aldatuko da eta gainerako orduetan zaparradak noizbehinkakoak izango dira eta txikiak orokorrean. Egunaren amaieran ostarteak zabal daitezke. Elur-kota 1200 eta 1500 metro artean kokatuko da. Tenperatura nabarmen jaitsiko da eta giroak udazkeneko itxura hartuko du.

Zerua oso hodeitsu egongo da igandean. Zaparrada txikiak botako ditu, Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ertainak. Baliteke trumoi ekaitzak izatea, bereziki egunaren lehen partean. Egunaren lehen partean elur-kota 1.200-1.500 m inguruan kotatuko da. Hegomendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin; goizean ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada gogorrekin egunaren bigarren partean kostaldean. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, eta maximoak gutxi jaitsiko dira.

Astelehenean, zerua hodeitsu egongo da. Prezipitazio txikia egingo du. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura igo egingo da: minimoak gutxi eta maximoak gora nabarmen.