Itxi

Gizartea

Europa League

Aburto, Europa Leagueko partidaren atarian: "Gaurko protagonista elkarbizitza izatea gustatuko litzaidake"

EITB MEDIA

"Gozatzeko eguna" dela esan du Bilboko alkateak, eta "dena ondo joatea guztion erantzukizuna" dela nabarmendu.

  • Juan Maria Aburto, gaur. Argazkia: EITB Media

    Juan Maria Aburto, gaur. Argazkia: EITB Media

Elkarbizitza eta erantzukidetasuna. Horiek eskatu ditu Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Athletic eta Rangers FC taldeen gaurko norgehiagokaren atarian. Gaueko 21:00etan jokatuko da San Mamesen Europa Leagueko final laurdenetako itzuliko partida, eta Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Athleticek elkarlanean jarritako segurtasun dispositiboa martxan dela gogoratu du alkateak. "Gaurko protagonista guztion arteko elkarbizitza izatea gustatuko litzaidake. Hori da helburua", esan du.

Bilbao Basque Fest 2025 ekimenaren barruan, Areatzan gaur zabaldu den 'Txoko Gourmet' espazioaren inaugurazioan hartu du parte Aburtok, eta han egin ditu adierazpenok. Zale guztiei, alde batekoei zein bestekoei, "lasaitasun" mezua igorri die. "Gozatzeko eguna da, eta espero dezagun emaitzak ere gozaraztea", erantsi du.

Bere hitzetan, kirolak "batzeko" balio duela erakutsi behar dute zaleek eta "guztion erantzukizuna da dena ondo joatea".

Partidarako sarrerarik gabe egunotan Bilbora iritsi diren Eskoziako 2.000 inguru jarraitzaileri buruz galdetuta, normaltasunaren barruan kokatu du. "Gu ere joan ginen Sevillara. 2.000 zale txuri-gorri baino gehiago joan ziren sarrerarik gabe, eta gozatzeko gai izan ginen".

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN