Gizartea
Elikadura
Nolakoak izango dira eskola jantokien menu berriak?
E.G. | EITB Media
Espainiako Gobernuak bermatu nahi du eskola jantokietan bost bazkari osasungarri izatea, eta hala, dekretua onartu du. Arauaren arabera, arraina eman beharko da astean 1-3 aldiz, eta barazkiak eta frutak, egunero. Halaber, zentroek eskura izan beharko dituzte menu beganoak eta txerri bakoak.
-
Horrela izan beharko dira eskola jantokien menuak 2026ko apiriletik aurrera. EITB Media
Espainiako Gobernuko Eskubide Sozial, Kontsumo eta Agenda 2030 Ministerioak bultzatuta, ministroen kontseiluak atzo onartu zuen Eskola Jantoki Osasungarri eta Jasangarrien Errege Dekretua. Araua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute gaur, eta urtebete barru sartuko da indarrean —aurreikusita dago, dena den, "zailtasun gehien dituzten zentroei" bi urteko epea ematea—. Dena dela, Ministerioak nahiko luke ikastetxeak irailean, ikasturtea abiatzean, hastea neurriok aplikatzen.
Menuetan derrigorrez sartu beharreko elikagaiak zeintzuk diren zehazten ditu arauak, baita debekatu edo mugatu direnak ere. Era berean, eta lehen aldiz, eskolek familien eskura jarri beharreko menu bereziak jaso ditu testuak. Hala nola dieta beganoa edo musulmana duten ikasleen beharrak asetzeko moduko menuak.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zein Nafarroako hezkuntza zentro guztiek bete beharko dute araua, izan publiko, itunpeko edo pribatu. Eskoletan dauden salmenta makinetan eta kafetegietan saltzen diren produktuei ere eragingo die dekretuak.
Horrenbestez, horrelakoak izan beharko dira 2026an eskola jantokietako menuak.
Derrigorrez eman beharrekoak:
- Barazkia eta fruta, egunero. Menuek fruta eta barazki freskoa ekarri beharko dute egunero. Horien % 45ek sasoikoa izan beharko dute. Asmoa da produktu freskoak eta gertukoak kontsumitzea.
- Arraina, astean 1-3 egunetan. Arrain urdina eta zuria tartekatuko dira, eta krustazeoak eta moluskuak ere sartu ahalko dira.
- Lekaleak, astean 1-2 egunetan. Lehen plater edo bigarren plateraren osagarri, hortaz, lau aldiz astean.
- Arroz eta pasta integrala, hilabetean gutxienez lau aldiz.
- Ogi integrala, astean birritan.
- Arrautzak, astean 1-2 egunetan.
- Haragia, astean hirutan, gehienez. Haragi gorria, astean behin, eta haragi prozesatua, hilabetean bitan.
- Jogurtak, mamia edo gazta freskoa, astean behin.
Mugak:
- Frijituak, gehienez astean behin.
- Aurrez prestatutako jakiak (pizzak, kaneloiak, kroketak, enpanadillak, arrautza-irineztatutako arrain edo haragia), gehienez hilabetean behin.
Debekuak:
- Fruitu lehorrak 6 urtez azpikoentzat, itotzeko arriskuagatik.
- 200 kilokaloria baino gehiagoko azukredun edariak.
- 15 mg/100 ml kafeina baino gehiago duten edariak. Debekua ez zaie pertsona helduei aplikatuko, ikasleak sartu ezin diren eremuetan.
- Opil industrialak, aleko 5 gramo azukre gehigarri baino gehiago badituzte.
Menu bereziak:
- Elikagai alergia edo intolerantzia duten ikasleentzat, baldin eta medikuaren egiaztagiria badute.
- Begetarianoak, obolaktobegetarianoak eta beganoak diren ikasleentzat. Zentroak aukeran eduki beharko ditu, baina familiak berak egindakoa ere kontsumitu ahalko da.
- Txerrikirik gabeko menuak, ikasle musulmanentzat.