Gizartea
Segurtasun dispositiboa
Rangersen zaleen topagunea Iparragirre kaleko lehen tartea izango da, Guggenheimetik gertu
Agentziak | EITB Media
Antza, jarraitzaile eskoziar gehienak 18:00 aldera abiatuko dira San Mamesera. Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Athleticek diseinatutako segurtasun dispositiboak futbol-zelaiaren inguruetan izango du eragina, batik bat.
-
Zale eskoziarrak iragan ostegunean, Ibrox Park futbol-zelaian. Argazkia: EFE
Bilboko Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Athletic Clubek segurtasun dispositibo zabala jarriko dute martxan datorren ostegunean, San Mamesen, 21:00etatik aurrera, talde zuri-gorriaren eta Glasgow Rangersen arteko UEFA Europa Ligako final-laurdenetako itzulerako partida dela eta. Polizien arteko lankidetzak bi taldeen jarraitzaileen arteko "bizikidetza bermatzeko" helburua du.
Horrela, ohiko prozedurari jarraituz, zale eskoziarrei topagune batera joan daitezela eskatuko zaie, Ertzaintzak lagunduta eta guztiak batera joan daitezen futbol-zelaira. Hala, Rangersen jarraitzaileentzako bilgunea Iparragirre kaleko lehen tartean egongo da, Guggenheim Museotik gertuen dagoen tartean, hain zuzen ere, eta handik 18:00 aldera San Mamesera abiatzea espero da.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, diseinatutako dispositiboak San Mamesen inguruetan izango du eragina, eta zaleen eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko neurriak hartuko dira.
Hiriko zirkulazioan eragina
Partidak, ohi bezala, zirkulazioan eta garraio publikoan enbarazu egingo du. Errepideetan arazoak Moyua Plazaren eta Carlton Hotelaren inguruan eta San Mames inguruan izango dira, eta zale eskoziarren ibilbideak ere eragingo ditu mozketak.
Horrela, 18:00 aldera, Felipe Serrate, Sabino Arana, Euskalduna Zubia eta Jesusen Bihotza kaleetako zirkulazioa murriztu edo itxiko da. Hala ere, ordu erdi lehenago, 17:30etik aurrera, lehen mozketak ezarriko dira Carlton hotelaren inguruko kaleetan.
Zerbitzu publikoa
Tranbiaren zerbitzuari 18:00etatik aurrera eragingo dio norgehiagokak, Pio Baroja eta Casilla geltokien artean. Era berean, baliteke Bilbobusen eta Bizkaibusen zerbitzuan eragina izatea, eta, beraz, aldaketak pantailetan edo webgunean kontsultatzea eta zer aukera dagoen ezagutzea gomendatzen da.
Horregatik guztiagatik, bertako zaleei gomendatzen zaie, bai futbol-zelaira hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzea, bai behar besteko aurrerapenarekin sartzea.