Itxi

Gizartea

BORROKA

Sei pertsona atxilotu dituzte Donostian, arma zuriekin izandako borroka jendetsu batean parte hartzeagatik

EITB MEDIA

Gertakariak igandean jazo ziren, 19:00 aldera. Orduan izan zuen Ertzaintzak Altza auzoko etxebizitza batean gertatzen ari zen liskarraren berri.

Ertzainek sei gizon atxilotu zituzten atzo arratsaldean, bost laguni arma zuriekin mehatxu egiteagatik eta eraso egiten saiatzeagatik. Guztiak Donostiako etxebizitza batean bizi dira. Lekuan matxete bat, sukaldeko bi labana, golfeko makila bat eta zorrozteko tresna bat konfiskatu zituzten, Segurtasun Sailak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Arratsaldeko 19:00 aldera, Ertzaintzari Donostiako Altza auzoko etxebizitza batean gertatzen ari zen borroka baten berri eman zioten. Herritarren babeseko patruilek, etxebizitzako atera iritsi zirenean, hainbat pertsona entzun zituzten, oihuka. Etxebizitzan, guztira, hamaika gizon zeuden, eta poliziaren aginduak bete eta euren borondatez irten ziren etxetik. Agenteek guztiak identifikatu zituzten, eta egoera kontrolpean geratu zen.

Bildutako informazioaren arabera, gizon guztiak etxebizitza berean bizi dira eta, dirudienez, eztabaida berotu eta arma zuriekin elkarri mehatxuka hasi ondoren, batzuk gela batean ezkutatu behar izan ziren. Gela horretako sarrerako atea hautsi ondoren, erasotzaileak barrura sartu ziren eta borrokan hasi ziren.

Poliziak egiaztatu duenez, gelako ateetan ebakiak eta zuloak ziren, besteak beste, kolpeak eta arma zuriekin egindakoak. Horrez gainera, etxeko zoruan hautsitako botilak zeuden, eta matxete bat, bi labana, golfeko makila bat eta zorrozkailu bat, ustez borrokan erabilitakoak, ere aurkitu zituzten. Erasoa jasan zuen gizonetako batek ebaki txiki bat zuen eskuan, eta osasun zerbitzuek artatu behar izan zuten.

Horren aurrean, ustezko sei erasotzaileak polizia-etxera eraman zituzten atxilotuta, lesio-delitua eta liskar nahaspilatsua leporatuta. Polizia-eginbideak amaitzen dituztenean, guztiak justizia-agintearen eskuetan jarriko dituzte.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN