Itxi

Gizartea

Araba

Proiektu fotovoltaikoak gaitzetsi dituzte Zuiako herritarrek ekinaldi kolektibo batean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Beren mezuak, nahiak eta ardurak denboraren kapsulan gorde dituzte bizilagunek, etorkizunean "belaunaldi berriek gaur egun beren lurra defendatzen dutenen ahotsa entzun dezaten".

  • Proiektu fotovoltaikoak gaitzetsi dituzte Zuiako herritarrek ekinaldi kolektibo batean

    Proiektu fotovoltaikoak gaitzetsi dituzte Zuiako herritarrek ekinaldi kolektibo batean. Europa Press

Zuiako (Araba) bizilagunek beren hitzak lurperatu dituzte gaur, larunbatarekin, Solaria enpresaren proiektu fotovoltaikoen aurka antolatu duten ekinaldi kolektio batean. "Memoria eta erresistentzia" zituen ardatz Zuia Bidean elkarteak deitutako hitzorduak.

Eguerdian egin dute ekinaldia Murgian. Herritarrek beren mezuak, nahiak eta ardurak denboraren kapsulan gorde dituzte, etorkizunean "belaunaldi berriek gaur egun beren lurra defendatzen dutenen ahotsa entzun dezaten".

Solaria enpresak bere proiektu fotovoltaikoak aurkeztu zituenetik urtebete igaro denean, ziuarrek aipatu ekimena antolatu dute, "paisaia eta herriaren eredua eta garapena mehatxupean" daudela salatzeko. "Mehatxu horren aurrean, erakutsi nahi dugu herritarrok ez dugula amorerik emango", azaldu dute antolatzaileek.

"Denetariko mezuak" sartu dituzte kutxan: gutun pertsonalak, hausnarketa kolektiboak, ohar ofizialak, musika, marrazkiak, objektu sinbolikoak eta etorkizunean "ondare hori deskubrituko dutenei zuzendutako hitzak".

Kapsula zigiluz itxi, eta lur azpian sartu dute. Une horretan, hitzeman dute belaunaldien arteko zubi gisa balioko duela, alegia, "herritarrek maite dutena babesteko aldarria egin zutela gogoraraziko duela".



logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN