Gizartea
SEGURTASUNA
Ertzaintzak adingabez osatutako 50 gaizkile-talde atzeman zituen EAEn 2019-2024 aldian, gehienak Bizkaian
EITB MEDIA
Adingabeetan espezialitatutako unitatea urtarrilaren 29tik dabil lanean. Zupiriak jakinarazi du 2023ko urtarrila eta 2024ko abendua bitartean 195 adingabe atxilotu zituela Ertzaintzak.
-
Ertzaintza. Argazkia: EFE
PPko legebiltzarkide Ainhoa Domaicak egindako galdera bati erantzunez, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak erantzun du adingabeetan espezialitatutako unitatea urtarrilaren 29tik dabilela lanean. "Orduantxe sortu zen unitate hori, eta hurrengo bi asteetan formakuntza berezitua jaso zuten horretan jardun behar zuten ertzainek", adierazi du.
Gaur egun, bederatzi agente daude unitate horretan beharrean, eta EAE osorako egiten dute lan, asteko 7 egunetan, egunaren 24 orduetan. Gainera, sei plaza berri aterako dira Adingabeen Fiskaltzarako, lurralde bakoitzerako bi.
Adingabez osatutako gaizkile-taldeen inguruko datuak ere eman ditu Zupiriak. "Oso fenomeno dinamikoa eta aldakorra da. Horregatik, oso zaila da datu zehatzak ematea", argitu du.
"Kontuan izan behar da talde horiek oso azkar sortzen eta desegiten direla, eta askotan zaila dela horiek burututako ekintzak toki zehatz batean kokatzea. Datuak, horrenbestez, ez dira % 100 fidagarriak", sailburuaren esanetan.
Nolanahi dela, 2019 eta 2024 bitartean, Ertzaintzak adingabez osatutako 50 gaizkile-talde atzeman, eta talde horietako kideak atxilotu edota auzipean jarri zituen, delitu ezberdinak egotzita.
Talde gehienak, bestalde, Bizkaian aritzen ziren (Bilbo Handian gehienak), baina Araban eta Gipuzkoan ere atzeman dituzte batzuk.
Delitu motari dagokionez, liskarrak, lesioak, lapurretak eta mehatxuak izan ziren ohikoenak.
Agingabeen atxiloketak EAEn
2023ko urtarrila eta 2024ko abendua bitartean, 195 adingabe atxilotu zituen Ertzaintzak, lapurretekin zerikusia izateagatik gehienak.
Lesioengatik eta familia barruan egindako tratu txarrengatik ere hainbat atxilotu zituzten, eta 9 adingabe hartu zituzten atxilo hilketa edo hilketa saiakera egotzita.