Gizartea
LUIZIA
Azagrako luizitik gertuen dauden bi etxeetako 8 bizilagunak ezingo dira oraingoz bertara itzuli
EITB MEIDA
Nafarroako Gobernuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Ataleko teknikariek aztertuko dute gertatutakoa. Maria Chivite Nafarroako presidenteak ziurtatu du "erabateko segurtasuna bermatutakoan" bueltatuko direla bizilagunak.
-
Azagra, gaur goizean. Argazkia: Nafarroako Suhiltzaileak
Azagrako 13 bizilagun euren etxetatik atera dituzte bart, badaezpada, mendi-hegal batean luizia izan baita. Herriko beste etxe batzuetan eta Milagroko hotel batean igaro dute gaua guztiek. Inork ez du minik hartu.
SOS Nafarroa larrialdietarako zerbitzuak jakitera eman duenez, 23:45 aldera izan zen lur-jausia, Navas de Tolosa kalean, herriaren sarreretako batean. Etxebizitzak eta industria-biltegiak daude inguruan.
Abisua jaso ondoren, Azkoiengo suhiltzaileak, Foru Poliziako hainbat agente eta Azagrako Udaleko ordezkariak bertaratu ziren. Halaber, datozen orduotan Nafarroako Gobernuko Kartografia, Topografia eta Geodesia Ataleko teknikariek gertatutakoa aztertuko dute, eta ondoren jakingo da bizilagunak etxera itzuliko diren.
Lehen txosten teknikoen berri izan ondoren, Ruben Medrano Azagrako alkateak aurreratu du luizitik gertuen dauden bi etxeetako zortzi bizilagunek ezingo dutela oraingoz itzuli, segurtasun arrazoiengatik. Gainerako bostak datozen orduotan bueltatu ahal izango dira.
Alkateak azaldu du antzerako lur-jausi bat izan zutela duela urtebete inguru, eta ordutik, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari zirela, konponbide bila. Esan du ingurua itxiko dutela, oraingoz.
Nafarroako Gobernuak emandako laguntza eskertu du Medranok, eta bide horretan, egoera onbideratzeko ezinbestekoak izango diren "baliabideak" jartzerakoan ere laguntzari eustea eskatu du.
"Erabateko segurtasuna"
Maria Chivite Nafarroako Foru Gobernuko presidenteak ere adierazi du bizilagunek ezingo dutela etxera bueltatu "erabateko segurtasuna bermatu arte".
Iruñean egindako ekitaldi baten ondoren hedabideei egindako adierazpenetan, Chivitek baieztatu du goizeko lehen orduan hitz egin duela Azagrako alkatearekin, hartu beharreko neurriak adosteko.
Buruzagi sozialistak gogoratu du herria "harkaizpean" dagoela eta halakoak beste batzuetan ere gertatu izan direla. Esan duenez, Nafarroako Gobernuko geologo talde batek denbora zeraman aipatutako harkaitzak bertatik bertara aztertzen. Nolanahi ere, zehaztu du oraingo luizia beste eremu batean izan dela.
Presidenteak nabarmendu du "zuhur" jokatuko dutela, eta azterketa teknikoek arriskurik ez dagoela baieztatutakoan itzuliko direla bizilagunak euren bizitokietara.