Itxi

Gizartea

INDARKERIA MATXISTA

Gizon bat atxilotu dute Ourensen, emaztea hiltzea leporatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Biktima, 76 urteko emakumea, arma zuriz hil dute. 72 urteko senarra atxilotu dute, epailearen esku geratzeko zain.

72 urteko gizon bat atxilotu dute igande honetan O Bolon (Ourense), 76 urteko emaztea hil omen duelako. Lehen informazioen arabera, ustezko hiltzaileak arma zuriz eraso egin dio bikotekideari As Ermidas parrokian.

18:00 aldera atxilotu dute ustezko erasotzailea eta A Ruako (Ourense) Guardia Zibilaren egoitzara eraman dute. Bertan atxilotuta dago, epailearen esku geratzeko zain.

O Boloko Udalak ezohiko osoko bilkura deitu du asteleheneko 14:00etarako eta hiru dolu-egun ezarri dituzte.

Alkateak azaldu duenez, senar-emazteek emigratu zuten, eta, biek erretiroa hartu ondoren, As Hermidasera joan ziren bizitzera, 20 pertsona inguru bizi diren herri batera.

Udalak ez zuen bikotearen baitako indarkeria abisurik jaso ezta aurretiazko jakinarazpenik ere.

Emakume honena hilketa matxista dela baieztatuz gero, urtea hasi zenetik gizonezko bikotekideek edota bikotekide-ohiek Espainian hiltzen duten zazpigarren emakumea litzateke, eta eraildako 1.302. emakumea, 2003an feminizidioei buruzko estatistikak egiten hasi zirenetik.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN