Itxi

Gizartea

HONDARTZAK

Mikroalga "potentzialki toxiko bat" aurkitu dute Kontxako badian

EITB Media

EHUko ikerketa baten arabera, 'Ostreopsis' generoko alga hori ugaritzea ez da kezkatzeko modukoa, baina komeni da neurketak egiten jarraitzea. Aipaturiko mikroalga ugariagoa da Ondarretako hondartzan Kontxan baino.

  • Yago Laurenns Ondarretako hondartzan, laginak jasotzen. | Argazkia: Aner Etxebarria. UPV/EHU

    Yago Laurenns Ondarretako hondartzan, laginak jasotzen. | Argazkia: Aner Etxebarria. UPV/EHU

EHUko ikerketa batek baieztatu du mikroalga potentzialki toxiko bat dagoela Kontxako badian (Donostia), Ostreopsis generokoa. Hala ere, ikertzaileek diotenez, alga horiek ugaritzea ez da kezkatzeko modukoa, eta ez du esan nahi bainatzea arriskutsua denik. Dena den, neurketak egiten jarraitzea gomendatzen dute.

Ostreopsis sakonera txikiko uretan bizi den alga mikroskopiko bat da, eta EHUko Ibai Ekologia ikerketa-taldeak Kontxako badian duen dinamika aztertu du. Horren arabera, ugariagoa da Ondarretako hondartzan Kontxan baino, hondo harritsuetan hazi ohi delako. Ondarretako hondoa hainbat tamainatako arrokaz estalita dago erabat, eta Kontxako ia hondo osoa, berriz, harea da.

Azterketa egin duen taldearen arabera, mikroalga horietako batzuk toxikoak izan baldin badaitezke ere, ugari egoteak "ez du esan nahi" bainatzea arriskutsua denik. Hala ere, neurketak egiten jarraitzeko gomendatu dute.

Genero horretako espezie batzuk toxikoak dira, eta, besteak beste, sintoma hauek eragin ditzakete: eztula, sukarra eta larruazaleko narritadurak, baita arnas arazo arinak ere. 

Jatorri tropikala badu ere, ozeanoen berotzearen ondorioz, euskal kostaldera zabaldu dira.

2007an atzeman zuten lehen aldiz Bizkaiko Golkoan. Orduan, noizean behin baino ez ziren agertzen, baina, gaur egun, ohikoa da mikroalga horiek masiboki agertzea gure kostaldean udan.

Ez dute zertan arazorik sortu, baina 2020an erregistratu ziren lehenengo intoxikazio-kasuak Lapurdin, eta 2021ean, berriz, Donostian.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN