Itxi

Gizartea

GARRAIOA

Garraio publikoak % 40ko deskontuak izango ditu eta 14 urte arteko haurrek doan bidaiatuko dute, Euskadin

EITB MEDIA

Aurten hasi zen garraio publikoa 12 artekoentzat doakoa izaten; uztailetik aurrera, adin-tartea zabaldu, eta 14 urte artekoek ahal izango dute EAEko garraio publikoa debalde erabili. Era berean, gazteek % 50eko murrizketa izango dute abonu eta tituluetan.

  • Artxiboko irudia. Argazkia: EITB

    Artxiboko irudia. Argazkia: EITB

Euskadiko Garraio Agintaritzak (EGA) erabaki du estatuko deskontu berriak aplikatzea autonomia-erkidegoko garraio publikoan. Uztailaren 1etik aurrera, 14 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute, eta gazteek % 50eko murrizketa izango dute abonuetan eta erabilera anitzeko tituluetan.

Estatuko araudian egindako aldaketa batek ekarri du neurri berria, deskontuak kolektibo jakinetara bideratzeko egindakoa. Euskadin, aurten hasi zen garraio publikoa 12 artekoentzat doakoa izaten; uztailetik aurrera, adin-tartea bi urte zabalduko da.

Gainera, EAEko operadoreek % 50eko hobaria aplikatuko dute abonu eta erabilera anitzeko titulu orokorretan, hala nola Bat, Barik eta Mugi txarteletan. Gobernu zentralak hartuko du bere gain, eta % 20an toki-administrazioek, Mugikortasun Iraunkorreko Departamentuaren laguntzarekin, gastu autonomikoaren erdia bere gain hartuko baitu.

2022ko irailaz geroztik, Eusko Jaurlaritzak 41,7 milioi euro bideratu ditu garraio publikoko deskontuek eragindako diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko. Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak azpimarratu duenez, tarifak arrazoikoak izan daitezen hartutako konpromisoak erabiltzaileak fidelizatzea du helburu, baita EAEko garraio jasangarriaren eredua indartzea ere.

Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren laguntzak eskuratu ahal izateko, administrazioek zenbait baldintza bete beharko dituzte, hala nola erabilera anitzeko abonoak izatea eta legeak behartutako udalerrietan Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea.

Garcia Chuecak garraioko operadoreei eta kudeatzaileei eskatu die teknologia eta tarifak egokitzeko lan egin dezaten, hobariak aurreikusitako egunean aplikatzen direla bermatzeko.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN