Itxi

Gizartea

DUINTASUNEZ HILTZEKO ESKUBIDEA

Euskadin 49 eutanasia egin dira 2024an, eta eskatzaileek 74 urte zituzten, batez beste

EITB MEDIA

100 urte zituen eskatzaile zaharrenak, eta 33 urte, gazteenak. Eskatu egiten denetik eutanasia burutu arte, batez beste, 49 eguneko epea dago.

  • Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

    Artxiboko irudia. Argazkia: EITB Media

Euskadik Eutanasiari buruzko Informazio Sistema bat jarriko du martxan 2025ean, datuak hobeto kudeatzeko eta eskubide hori erkidegoan aplikatzeari buruzko ikuspegia zehatzagoa izan dadin. Hala iragarri dute I. Euskadiko eutanasiari buruzko hausnarketa-jardunaldian, Bilbon.

2024an, 74 eutanasia-eskaera jaso dira Euskadin, eta horietatik 49 baimendu eta egin egin dira. 3/2021 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik, 133 pertsonak jaso dute hiltzeko laguntza medikoa, eta eskaerak % 46 igo dira. Hala ere, 100 pertsona hil ziren prozesua amaitu aurretik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2024ko txostenaren arabera, eskatzaileen batez besteko adina 74 urtekoa izan da: 100 urte, zaharrenak, eta 33 urte, gazteenak. Horietatik % 37k gaixotasun neurologikoak zituzten eta % 36 paziente onkologikoak ziren.

Lurraldeka, Gipuzkoan 31 eskaera erregistratu eta 24 prozedura egin dira, Bizkaian 32 eskabide izapidetu eta 19 eutanasia egin dira, Araban 11 eskaera izan dira eta sei prozedura gauzatu dira. Eutanasien % 53 ospitaleetan egin ziren; % 32, eskatzailearen etxeetan, eta % 14, egoitza soziosanitarioetan.

Maite Martinez de Albeniz Osakidetzako Asistentzia Sanitarioaren zuzendariak nabarmendu du hiltzeko laguntza eskatzea zabaltzen ari dela Euskadin, eta helburua laguntza hori eskatu eta aplikatzeko moduak hobetzen jarraitzea dela. Gainera, azpimarratu du eskaera egiten denetik eutanasia egin arteko batez besteko denbora 49 egunekoa dela; bost kasutan, gainera, gaixoek organoak eman dituzte.

Euskadiko Eutanasia Bermatu eta Ebaluatzeko Batzordearen presidente Itxaso Bengoetxeak adierazi duenez, Euskadi, Kataluniarekin eta Nafarroarekin batera, eskubide hori aplikatzen buru da Estatuan.

Eutanasiaren prestazioari buruzko informazio guztia Osasun Sailaren webgunean aurki daiteke.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN