Itxi

Gizartea

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Dani Alvesen absoluzioaren kontrako helegitea jarriko du Fiskaltzak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ministerio publikoak uste du Alves errugabe jo duen epaiak Espainiako Konstituzioa eta Zigor Kodea urratzen dituela.

  • Dani Alves eta bere abokatua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

    Dani Alves eta bere abokatua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak kasazio helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, Dani Alves futbol jokalari brasildarra emakume bat bortxatzeaz absolbitu duen epaiaren aurka. 

Lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion Alvesi Kataluniako Lurralde Auzitegiak, 23 urteko neska bat bortxatzeagatik, Bartzelonako Sutton diskotekako komunetan, 2022ko abenduaren 31n. Joan den astean, baina, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak zigorra baliogabe utzi eta absolbitu egin zuen futbol jokalaria, argudiatuta ez dagoela sexu-erasoa egin izanaren frogarik eta salatzailearen lekukotza ez dela fidagarria.

Ministerio publikoak jakinarazi duenez, gaur erregistratu du helegitea aurkezteko bere asmoa, eta, orain, Goreneko Fiskaltzari dagokio eskaerari bide ematea. Alves errugabe jo duen epaiak Espainiako Konstituzioa eta Zigor Kodea urratzen dituela defendatuko dute errekurtsoan.

2023ko urtarrilaren 20an espetxeratu zuten futbol jokalaria eta 14 hilabetez izan zen prebentziozko espetxealdian. Iazko martxoan atera zen kartzelatik, milioi bat euroko fidantza ordainduta. 

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN