Itxi

Gizartea

Identifikazioa

Nortasun agiri digitala: Nola deskargatu? Zertarako erabili ahal da eta ahal izango da etorkizun hurbilean?

Agentziak | EITB Media

MiDNI da asteazken honetatik aurrera NAN digitala telefonoan erabiltzeko aukera emango duen aplikazioaren izena, aurrez aurreko akreditazioa behar duten eguneroko ekintzak aurrera eramateko. Urtebete barru, gainera, Interneten ere egin ahal izango dira izapideak.

0:27
Muntaia: EITB

Espainiako Nortasun Agiri Nazional (NAN) digitalak aukera emango du dokumentu hori mugikorretarako aplikazio batean eramateko. Eskuragarri egon aurretik, iOS eta Androiderako dagoen beste batek duen izen bera du, eta, gainera, gauza bera egiteko erabili izan da hori ere. Beraz, Espainiako Gobernuak garatu duena eta Polizia Nazionalaren babesa duena deskargatzeko arreta jarri behar da.

MiDNI aplikazioaren bidez, eta, asteazken honetatik aurrera, NAN digitala erabili ahal izango da telefonoan, hotel batean erregistratzeko, auto bat alokatzeko, kontzertu batera joateko edo Correosen postako pakete bat jasotzeko adibidez, hau da, egiaztagiria behar duten eguneroko aurrez aurreko ekintzak. Urtebete barru, gainera, Interneten ere egin ahal izango dira izapideak.

Lege-babesa duen aplikazio bakarra da NAN fisikoaren baliokide gisa egiaztatzeko, eta Apple eta Googleren aplikazio-dendetan eskuragarri egongo da, doan, asteazken honetatik aurrera.

Espainiako Gobernuak iragarri duen MiDNI aplikazioa deskargatzeko estekak asteazken honetan aktibatuko dira, bai Google Play Storen, bai App Storen, 8:00etatik aurrera, Polizia Nazionalak X sare sozialaren bidez jakinarazi duenez.

Herritarrek aurrez aurre erregistratu beharko dute Polizia Nazionalaren plataforma ofizialean, indarrean dauden DNIe eta ziurtagiri digitalekin eta txartel-irakurgailu batekin, aplikazioa erabiltzeko.

Ondoren, identitatea egiaztatzeko, Polizia Nazionalak sinatutako eta zigilatutako QR bat sortuko da, denbora errealean erakutsitako datuak benetakoak direla bermatzen duena eta egiaztapena egiteko unean eguneratuta daudela eta baliozkoak direla ziurtatzen duena.

Lehenengo fasea

Lehenengo fasean, NAN digitalak norbera aurrez aurre identifikatzea ahalbidetuko du, besterik ez, NAN fisikoaren moduan. Beraz, edozein espazio publiko eta pribatutara sartzeko kontroletan norbere identitatea egiaztatzeko balioko du.

Era berean, edozein harreman juridiko ezartzeko, notarioaren aurrean eskriturak sinatzeko, aurrez aurreko izapideetan Administrazioaren aurrean norbere identitatea egiaztatzeko eta administrazio publikoekin nahiz erakunde pribatuekin aurrez aurreko tramite administratiboak bideratzeko.

Mugikorretarako nortasun agiri digitala baliagarria izango da adin-nagusitasuna egiaztatzeko bankuan kontu bat irekitzeko eta orain arte egiteko NANa behar izan den aurrez aurreko salerosketak egiteko, bai eta botoa emateko ere.

2026an, tramite telematikoak

Hamabi hilabeteko epea ezarri da erakunde publikoek eta pribatuek sistema berrira egokitzeko beharrezko neurriak har ditzaten, "formatu digital berria titularra identifikatzeko modu gisa onartzera behartuta egongo baitira".

Hau da, lehen fase honetan, mugikorretarako nortasun agiri digitalak ez du balioko norbere identitatea Interneten egiaztatzeko, Estatuko mugak igarotzeko bidaia-agiri elektroniko gisa erabiltzeko, beste estatu batzuetan identitatea egiaztatzeko eta autentifikatzeko edota sinadura elektronikoko kudeaketa telematikoak egiteko.

Barne Ministerioaren aurreikuspenen arabera, 2026an nortasun agiri digitala gaituko da kudeaketa telematikoetan, sinadura elektronikoko operazioetan eta Internet bidezko beste zeregin batzuetan norbere identitatea egiaztatzeko agiri gisa, hau da, "funtzionaltasun osoa" izango du.