Gizartea
EGURALDIA
Haizeagatik ezarritako abisu horia ostegunera luzatu dute, eta baso-sute arriskuagatik beste bat erantsi
AGENTZIAK | EITB Media
Hego-ekialdeko haizeak gogor joko du eta toki haizetsuetan 100 km/h-tik gorako boladak neurtuko dira. EAEn abisu horia 18:00etatik 09:00etara egongo da indarrean. Foru Erkidegoan, aldiz, 12:00etatik osteguneko eguerdira arte.
-
Haizea, Donostian, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Hego-ekialdeko haizeak gogor joko du gaur arratsaldean, eta hala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EAEn abisu horia ezarria zuen gaurko, baina bihar goizera (09:00) arte luzatu du. Gainera, beste abisu hori bat ezarriko du baso-sute arriskuagatik, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaber, Aemetek haizeagatik abisua aktibatuko du Nafarroako Kantauri isurialdean (Baztan eta Bortziriak) eta Pirinioetan.
EAEn, 18:00-00:00 tartean, toki haizetsuetan 100 km/h-tik gorako haize-boladak aurreikusi dituzte, eta 80 km/h-tik gorakoak, berriz, gainerako tokietan. Orain osteguneko 09:00ak arte egongo da indarrean abisu hori, ufada bertsuak ibiliko direlakoan.
Horrez gain, 18:00etatik biharko 09:00ak arte beste abisu hori bat egongo da indarrean baso-sute arriskuagatik, hego-ekialdeko haizearen intentsitatea eta landaretzaren egoera direla eta.
Nafarroan, gaur eguerdian sartu da indarrean abisua, eta tarte luzeagoan egongo da indarrean: osteguneko 06:00ak arte, Kantauri isurialdean, eta 12:00ak arte, Pirinioetan. Mendi inguruetan 80 km/h-ko boladak aurreikusi dituzte, eta 70 kilometrokoak, gainerakoan.