Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
EAEko genero indarkeria epaitegiek 6.675 salaketa zenbatu dituzte 2024an, % 2,5 gehiago
AGENTZIAK | EITB Media
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako datuen arabera, epe berean 1.056 babes agindu eman dituzte, 2023an baino % 5,4 gutxiago. Halaber, 6.454 biktima zenbatu dituzte, horietatik 31 adin txikikoak.
-
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegiek 6.675 salaketa zenbatu zituzten iaz, aurreko urtean baino % 2,5 gehiago (6.512 salaketa).
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldutako datuen arabera, epe berean 6.454 biktima zenbatu erregistratu zituzten, % 0,2 gutxiago, eta horietatik 31 adin txikikoak ziren (2023an baino 9 gehiago).
Halaber, deklaratzeari uko egin zioten biktimen kopurua nabarmen igo zen: 484tik 745era.
Bestalde, EAEko genero indarkeriako epaitegiek 1.056 babes agindu erregistratu zituzten pasa den urtean, 2023an baino % 5,4 gutxiago, eta horietatik 399 ukatu egin ziren.
Babes agindu horiei guardiako epaitegiek agindutakoak (482) gehitu behar zaizkie. Horietatik 250 onartu egin zituzten eta 232, berriz, ukatu.
10.000 emakumeekiko indarkeria matxista tasa 56,4koa da Euskadin, aurreko urteko datuaren ildo beretik (56,8). Espainiako Estatuko batez bestekoa 74,2koa izan zen, aurreko urtean baino bost puntu baxuagoa.