Itxi

Gizartea

BILBOKO UDALA

Etxarri gaztetxearen itxieraren aurka protesta egin duten hainbat lagun atera dituzte Bilboko osoko bilkuratik

AGENTZIAK | EITB Media

Errekalde auzoko Etxarri gaztetxea husteko agindua aurreikusita dago apirilaren 4rako. Auzoko 60 kolektibok baino gehiagok manifestu bat sinatu dute prozesua gelditzeko eskatuz, eta ostiral arratsaldean egingo den manifestazioan parte hartzera ere deitu dute.

Bilboko udaleko osoko bilkura jarraitzen ari ziren hainbat gaztek saioa eten dute, apirilaren 4rako iragarrita dagoen Errekalde auzoko Etxarri gaztetxearen itxiera salatzeko. Azkenean, ordea, udaltzainek bertatik atera dituzte.

Juan Mari Aburto alkateak hirutan eskatu die irteteko, baina, joaten ez zirela ikusita, udaltzainei eskatu die gazteak bertatik ateratzeko.

Auzoko 60 kolektibok baino gehiagok manifestu bat sinatu dute Errekaldeko gaztetxea ez husteko eskatuz. Halaber, ostiral arratsaldean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute. Errekaldeko plazatik abiatuko da, 18:30etik aurrera.

Etxarri gaztetxeak 2014an ireki zituen ateak Kukutza eraisteak Errekalde auzoan utzitako hutsuneari erantzuteko asmoz. Gaztetxeak salatu duenez, Amenabar eraikuntza enpresak proiektu urbanistiko "elitista" bat egitea aurreikusi du inguru horretarako. "Azken hilabeteetan Etxarriren inguruko pabilioi industrial guztiak erosten ibili da Amenabar eraikuntza enpresa, etxebizitza berriekin negozioa egiteko", gaineratu dute.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN