Gizartea
Ikaskuntza Digitalaren Eguna
EAEko 1.225.972 pertsonak dute Euskadin identifikazio elektronikorako bitarteko bat
a. s | eitb media
BakQ identifikazio-sistema da hedatuena EAEko Administrazioarekin izapideak egiteko. 2017an jaio zen, eta ordutik izugarri hazi da. Gaur-gaurkoz 960.866 pertsonak dute aktibatuta BakQ identifikatzailea segurtasun maila handia behar duten eragiketa eta transakzio jakin batzuk egiteko.


Gure eguneroko bizitza ingurune digitalari lotuta dago, eta gauza bera gertatzen da Administrazioarekin dugun harremanean; izan ere, gero eta zabalago erabil daitezke identifikazio eta sinadura elektronikoak. Euskadin, milioi bat pertsonak baino gehiagok identifikazio edo ziurtagiri elektroniko bat dute gutxienez, Administraziora jo eta kontsultak, izapideak eta eragiketak egiteko. Hala jakinarazi du Izenpe nortasun digitaleko eta sinadura elektronikoko zerbitzuak.
Zehazki, martxora arte, 1.225 972 pertsonak dute gutxienez identifikazio elektronikorako bitarteko bat, eta Izenpek jakinarazi du 580.000 eskari izan direla azken urtean. 16 urtetik gorakoek soilik eskura ditzakete identifikaziorako eta sinadura digitalerako bitarteko horiek. sistema horien bidez
Sistema horien bidez, hamaika gauza egin daizteke: errenta aitorpenaren zirriborroa eskatu eta aitorpena aurkeztu, Gizarte Segurantzari dokumentazioa eskatu seme-alaba bat duzunean edo lana aldatzen duzunean, laguntza publikoak izapidetu baita gidabaimenean zenbat puntu dituzun kontsultatu.
EAEko herritarrek BakQ indetifikaziorako bitartekoa erabiltzen dute gehien. Identifikazio-sistema hori 2017an sortu zen, Bak sistema sortu eta urtebetera, eta, ordutik, eskaerak izugarri hazi dira.
2020an 283.090 pertsonak zuten sistema hori, eta gaur-gaurkoz 960.866 pertsonak dute aktibatuta BakQa, segurtasun maila handia behar duten eragiketa eta transakzio jakin batzuetarako.
Nola lortu daiteke BakQ zirutagiria?
Izenpek adierazi du BakQ oso sistema erraza dela, unibertsala eta doakoa, eta erabilgarri dagoela ordenagailuetan, mugikorretan eta tabletetan; izan ere, ezer instalatu gabe erabil daiteke.
BakQ ziurtagiria lortzeko, horretarako prestatutako aurrez aurreko arreta-guneetara joatea da errazena (Kzguneak, osasun-zentroak, udaletako eta aldundietako arreta-bulegoak...) edo Izenperen arreta-guneetara (hiru hiriburuetan ditu egoitzak).
BakQ identifikatzaile batek (pertsonaren NANa) eta bi autentifikazio faktorek (8 karaktereko pasahitza eta telefono mugikorrera SMS bidez bidalitako kode bat) osatzen dute.
BakQ ziurtagiriaz gain, badira bestelako identifikaziorako eta identifikatzaile digitaletarako hainbat bitarteko ere, hala nola Bak —BakQaren antzekoa, baina maila baxuagokoa, izapide eta zerbitzu batzuetarako erabilera mugatukoa—, NAN elektronikoa, herritarren ziurtagiria, lanbide-ziurtagiria eta Izenpek emandako bestelako ziurtagiriak.