Itxi

Gizartea

TRAFIKOA

Lau pertsona hil dira Fiteron, bi kamioik aurrez aurre elkarren kontra jota

EITB Media

Ezbeharra bart jazo da, 04:00ak aldera, N-113 errepidean (Iruñea-Madril). Ibilgailu astun bakoitzean bina lagun zihoazen, eta laurak, denak ere atzerritarrak, zendu dira kolpearen ondorioz. Errepidea itxita dago, eta trafikoa NA-6900 eta NA-6991 errepidetik ari dira bideratzen.

0:41
Fiteroko istripua. Foruzaingoaren bideo batetik ateratako irudia.

Lau pertsona hil dira bart N-113 errepidean, Fitero parean (Nafarroa), bi kamioik aurrez aurre elkarren kontra jota, Foruzaingoak jakinarazi duenez.

Ezbeharra 03:58an jazo da aipatu errepideko 101 kilometroan. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, bi ibilgailu astunek aurrez aurre egin dute talka.

Kolpearen ondorioz, bi kamioietan zihoazen lau pertsonak, bina bakoitzean (gidariak eta kopilotuak), bizia galdu dute. Foruzaingoak gerora zehaztu duenez, biktimak atzerritarrak dira: bi Bulgariakoak (47 urteko gizonezko bat eta 41 urteko emakumezkoa), eta gainerako biak, txekiarrak (46 urteko gizona eta 47 urteko emakumea).

Suhiltzaileak lanean, hildakoak kamioietako baten kabinatik atera nahian. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Suhiltzaileak lanean, hildakoak kamioietako baten kabinatik atera nahian. Argazkia: Nafarroako suhiltzaileak

Foruzaingoaren hainbat patruila, suhiltzaileak, anbulantziak eta medikuak bertaratu dira istripuaren lekura. Azken horiek lau pertsonen heriotza baieztatu baino ezin dute egin.

N-113 errepidea —Iruñea eta Madril lotzen ditu— itxita dago, eta NA-6900 eta NA-6991 errepidetik ari dira trafikoa bideratzen. Hainbat garabi ezbeharraren lekura joan dira, ibilgailuak bidetik kendu eta trafikoa berrezartzeko.

Foruzaingoak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Lehen hipotesiaren arabera, ibilgailuetako bat kontrako erreian sartu da, eta aurrez aurre jo du beste ibilgailuaren kontra.

Fiteroko Udalak istripua deitoratu du eta doluminak eman dizkie hildako pertsonen gertukoei. Ezbeharra herrigunetik bost kilometro eskasera gertatu da.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN