Itxi

Gizartea

Beste bi oso larri daude

Hiru gazte hil dira Madrilen, Halloween ospatzen ari zirela

Erredakzioa

Antza denez, bengala bat eta hainbat petardo jaurti dituzte eta jendea beldurtu egin da, tiroak zirelakoan. Jendea pilatu egin da eta zenbait pertsona harrapatuta geratu dira.

01:31
Hiru gazte hil dira Madrilen, Halloween gaua ospatzen ari zirela

Hiru gazte hil dira eta beste bi oso larri daude bihotz-birikien geldialdi traumatikoagatik, Madrid Arenan egindako Halloween festa batean, Madrileko Larrialdi Zerbitzuek aditzera emandakoaren arabera.

Antza denez, bengala bat eta hainbat petardo jaurti dituzte eta jendea beldurtu egin da, tiroak zirelakoan. Jendea pilatu egin da eta zenbait pertsona harrapatuta geratu dira. Jaia antolatu duen enpresaren arabera, bengala irteerara daraman pasabide batean bota dute.

Gertatutakoaren abisua 4:05ean jaso zuten Larrialdi Zerbitzuek. Abisuan esan dietenez, 18 eta 25 urte bitarteko zenbiat gazte bihotz-birikien geldialdi traumatikoa pairatzen ari ziren, antza denez, jende pilaketa baten ondorioz; izan ere, jende ugari zegoen Madrid Arenan egindako jaian.

Iturrien arabera, bi neska festaren egoitzako botika-kutxan hil dira, 30 minutuz suspertzen saiatu ondoren. Hirugarrena Ospitale Klinikora iristean hil da. Oso larri dauden beste biak 12 de Octubre Ospitalera eta Jimenez Diaz fundaziora eraman dituzte.

Poliziak hiru hildakoen eta bi zaurituen izen-abizenak dauzka. Bostak espainiarrak dira.

Zaurituetako bat, adingabea

Bart Madrid Arenan egindako Halloween festan zauritutako neska batek 17 urte ditu, eta anaiak identifikatu behar izan du, gurasoak Madriletik kanpo zeudelako. Neskatila Doce de OctubreOspitalean dago, oso larri.

50 osasun-langile

Lehenengo osasun langileak bi minututan iritsi dira, eta, ondoren, bost UVI mugikor, lau anbulantzia eta laguntzeko hainbat ibilgailu heldu dira.

Guztira, Samurreko 50 osasun langile aritu dira gazteak artatzen. Lau gaztek 18 eta 20 urte bitartean dituzte, eta beste batek 25.

Medikuek bihotz-biriketako suspertze lanak egiten aritu dira 30 minutuz, baina bi gazte lekuan bertan hil dira. Hirugarren hildakoa ospitalera iristean hil da.

Espainiako Polizia gertatutakoa ikertzen ari da. Jaia 6:30ean amaitu da, gehienek lekutik alde egin dutenean.

Ez zegoen jende gehiegi

Madrid Espacios y Congresos Madrid Arenako enpresa jabearen arabera, "ez da irteeretan arazorik izan", "normaltasun osoz" erabili baititu jendeak festatik ateratzeko. Gainera, antolatzaileek helarazi dietenez, ez da baimendutako jende kopurua gainditu.

Komunikatu baten bidez, Madrid Arenan gertatutakoa deitoratu eta gauzak argi utzi nahi izan dituzte: "zabaltzen ari diren informazioak ikusita, gertatutakoa Madrid Arenaren azpiegiturekin, baldintzekin eta segurtasunarekin zerikusirik izan ez duela azpimarratu nahi dugu".

10.000 pertsonarentzako lekua

Madril Arenak 10.000 pertsonarentzako lekua du. Bart "Diviertt" enpresak Halloween gaueko festa ospatzen zuen bertan, "Thriller Music Park" izenarekin. Sarrerak 25 euroan saldu zituzten. Antolatzaileen hitzetan, festak "giro beltza eta dibertigarria" izango zuen, "ikusentzuteko efektuei esker".

Diviertt enpresaren arabera, 10.600 sarreretatik 9.650 saldu zituzten, eta arazoa ez da baimendutako jende kopurua gainditu izana.

Saldutako sarreren berri, Miguel Angel Villanueva Madrileko alkateordeak eman du. Diviertt-k Madrid Espacios y Congresos enpresari alokatu zion Madrid Arena eta, Vuillanuevaren arabera, legezko baldintza guztiak betetzen zituen.