Gizartea
Kontuz!
Nafarroako Kutxan dirua zuritzea egotzi diote Pejenaute kontseilariari
Erredakzioa
Jesus Pejenautek, berriz, erabat ukatu ditu egindako salaketak, eta Kontuz! elkartearen kontrako salaketa jarri duela iragarri du.
-
Kontuz! elkarteko kideak, prentsaurrekoan. Argazkia: Europa Press
Kontuz! elkarteak iragarri du salaketa jarriko duela Jesus Pejenaute Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiken kontseilariaren kontra, 2007an Nafarroako Kutxaren zuzendariorde zenean dirua zuritzeagatik.
Kontuz! Erabiltzaileen, Kontsumitzaileen eta Zergadunen elkartearen arabera, Pejenautek "180.000 eurotik gora zuritzea agindu zuen astebetean, 2007ko otsailean, Nafarroako Kutxaren zuzendariorde zenean". Horretarako "500 euroko billeteak, zerga alorreko agintarien kontrol zorrotza jasotzen dutenak, aldatu egiten zituzten".
Patxi Zamora Kontuz!-en bozeramaileak azaldu duenez, "hiru egunetan, ustez 180.000 euro zuritu zituzten Pejenauteren aginduz, eta kontseilariak, zuzendariorde kargua aprobetxatuz, ez zuen esan nondik atera ziren 500 euroko billeteak eta nora joan ziren billete txikiak".
Gainera, elkartearen bozeramaileak aipatutako ekintzak "ezkutatzea" leporatu dio Nafarroako Kutxari, eta Gobernuari, Parlamentuari eta Fiskaltzari "ikertzeko eta beharrezkoa izanez gero ardurak argitzeko" eskatu die. Hala ere, "inork ez badu pausorik ematen, gu mugituko gara", gaineratu du.
Pejenauteren erantzuna
Jesus Pejenautek, berriz, erabat ukatu ditu egindako salaketak, eta Kontuz! elkartearen kontrako salaketa jarri duela iragarri du.
Komunikatu batean, Pejenautek azaldu du Kontuz!-ek prentsaurrekoan esandakoa delitutzat har daitekeela, eta Kontuz!-en asmoa bere ohorearen kontra egitea eta kontseilari zenean egindako lana zikintzea dela.