Gizartea
ISTRIPUAK
Bizkaiko enpresa batek errepidean animaliak detektatzeko sistema bat sortu du
Agentziak | EITB MEDIA
Foru gobernuaren ikerketa baten arabera, Nafarroako hiru istriputatik batean animaliak daude tartean. Sistema berriak % 70 murriztu ditzake mota horretako istripuak.
-
Istripua. Argazkia: Foruzaingoa
Bizkaiko Kelias Movilidad enpresak garatutako sistema automatiko batek (Iruñeko jardunaldi batean aurkeztu dute) errepidean animaliak dauden jakinarazten die gidariei.
Bide segurtasunari buruzko jardunaldian aurkeztutako teknologietako bat, Nafarroako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoak antolatua, animaliak errepidean detektatzeko sistema izan da, Kelias Movilidad enpresak garatutakoa. Enpresa hori bide-seinaleen eta -ekipamenduen fabrikazioan espezializatuta dago eta Zamudion du egoitza.
Foru Gobernuaren ikerketa baten datuen arabera, erkidegoan gertatzen diren hiru istriputik batean animaliak daude tartean, eta azken 14 urteetan % 78,5eko hazkundea izan du fenomeno horrek.
Nafarroako fauna-istripuek garrantzi handia dute lurraldearen istripu-arrisku orokorrean. Errepideko ezbehar guztien % 33 dira, eta horietatik % 28 ehiza-faunak eragiten ditu, bereziki basurdeek (% 45,2), orkatzek (% 21,1), azeriek (% 4,8) eta oreinek (% 1,6).
Animaliekin izandako istripu horietako gehienek biktimarik eragiten ez duten arren (% 0,79), eragin handia dute bide-segurtasunean eta errepideen mantentze-lanen kostu ekonomikoan.
Datuen arabera, istripu horien % 82,6 argi naturalik gabeko uneetan gertatzen dira, ikusgarritasun urria dagoenean. Gainera, udazkena da faunarekin lotutako ezbehar gehien izaten dituen urtaroa, azarotik abendura bitartean basurdearen araldia baita.
Aurkeztutako sistema, Kelias Movilidad enpresaren ordezkari Txema Bragadok azaldu duenez, arrakastaz probatu da Espainiako eta Frantziako hainbat eremutan (Savoia Garaia, Isère, Ain, Val d'Oise, Tarragona eta Segovia), eta % 70era murriztu dira animaliekin talka egitearen ondoriozko istripuak.
Sistemak detektatzeko bi gailu ditu, bi noranzkoetan, sentsore termiko, infragorri kamera eta ohartarazteko argi-seinale eta guzti.