Itxi

Gizartea

Eguraldia

Errepide sarea irekita dago

EITB MEDIA

Ostiraleko 21:00etatik larunbateko 09:00ak arte abisua egon da indarrean elurragatik, eta errepide sarean kontuz gidatzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

  • Elurra kentzeko makina Urkiolan. Argazkia: Guillermo Agirre

    Elurra kentzeko makina Urkiolan. Argazkia: Guillermo Agirre

Azken orduetako tenperaturaren beherakadak eta prezipitazioek elurra ekarri dute Euskal Herriko mendi eta mendateetara, baina soilik garaienetara. Hala, ostiraleko 21:00etatik larunbateko 09:00ak arte abisua egon da indarrean elurragatik, eta errepide sarean kontuz gidatzeko deia egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Araban, ohikoa den legez, Herrerako mendatea erabat itxi dute goizean elurragatik, eta tentuz gidatzeko eskatu dute Altuben, Azazetan, Bernedon, Gasteizko mendatean, Kruzetan, Opakuan eta Zaldiaranen, arrazoi berberagatik.

Eguerdirako, EAEko errepide sarean normaltasuna da nagusi.

Nafarroan ere ohiko mendateak itxi behar izan dituzte elurra dela eta: Burgi-Izaba (N-137), Otsagabia-Irati (NA-2012) eta Zaraitzu-Erronkari (NA-2011).

Gainera, Gasteizko tranbian atzerapenak izan dira izotzak katenarian eragindako arazoengatik, Kañabenta eta Intermodal artean, baina berehala konpondu dituzte.

Iragarpena

Larunbat goizean, elur-maila 1.000 metrora igoko da, eta prezipitazioak ahulak edo ertainak izango dira, batez ere isurialde atlantikoan. Halaber, 1.000 metrora 5 zentimetro elur pila daiteke, eta kota baxuagoetan pilaketa txikiagoak izan daitezke.

Hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira larunbatean. Isurialde atlantikoan, eguna moteletik hasiko dugu eta zaparradak botako ditu tarteka, bereziki kostaldean; hegoaldean, berriz, ostarte zabalak irekiko dira goizean goizetik. Elur-maila 600-800 metroan egongo da goizean goiz, baina 1.000 metrora igoko da goizak aurrera egin ahala. Giroa hotza izango da, negukoa; hegoaldeko tenperatura maximoak 10 ºC-tik azpikoak izango dira, eta kostaldekoak 11-12 ºC ingurukoak. Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin kostaldean eta Ebro ibarrean.

Igandean, hodeiak ugarituko dira berriro eta giro goibela izango da denean. Han-hemenka, euria egingo du tarteka, bereziki ipar partean. Haizea hegoaldetik finkatuko da eta tenperatura bizpahiru gradu igoko da. Kostaldean, eguneko tenperatura 15 ºC-ra igoko da eta gauean izotza egiteko probabilitatea txikia izango da; Arabako eta Nafarroako leku bakan batzuetan baino ez du egingo.

Astelehenean, giro iluna eta goibela izango dugu. Nafarroa hegoaldean tarteka eguzkia agertuko da, baina gainerako lekuetan hodeiak gailenduko dira. Noizean behin, euria egingo du; hala ere, euria urria izango da eta bereziki barnealdean eta mendebaldean egingo du. Haizea hegoaldetik sartuko da, indar gutxirekin. Goizaldea epelagoa izango da eta izotza egiteko probabilitatea oso txikia izango da; tenperatura maximoetan ez dugu aldaketa handirik espero behar.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN