Gizartea
Euskara
Behatokiak salatu du Decathlonek kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak eta araudia urratzen jarraitzen duela
AGENTZIAK | EITB EUS
Herritarren hainbat kexaren arabera, "enpresak ez du bermatzen euskararen presentzia bere dendetako seinaleztapenean, informazio idatzietan zein bestelako zerbitzuetan".
-
Decathlonen denda bat
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu du Decathlon kirol materiala saltzen duen saltokien kateak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dituen establezimenduetan kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak urratzen jarraitzen duela.
Behatokiak jasotako hainbat kexaren arabera, "enpresak ez du bermatzen euskararen presentzia bere dendetako seinaleztapenean, informazio idatzietan zein bestelako zerbitzuetan".
Behatokiak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, azken urteetan hainbatetan ohartarazi dio Decathloni bere establezimenduetan hizkuntza-berdintasuna bermatzeko. Hala ere, enpresak "uko egin dio bere hizkuntza-politika aldatzeari, eta legez euskararen presentzia bermatzera behartuta ez dagoela esaten jarraitzen du".
EAEko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 4/2023 Legeak 79. artikuluan ezartzen du kontsumitzaileek eskubidea dutela ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz jasotzeko, eta 80.2 artikuluan, seinaleztapenak, oharrak eta informazio publikoa euskaraz eta gaztelaniaz egon behar direla.
Ondorioz, Behatokiak salaketa jarri zuen du Kontsumobiden Decathlon España SAU kateak EAEn dituen establezimenduetan seinalitika, errotulazio zein bestelakoetan informazioa euskaraz txertatzeko araudiak ezartzen duena kontuan hartzen ez duelako.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren hitzetan, "Decathlonek duen jarrera onartezina da, eta, euskaldunen hizkuntza-eskubideak eta araudia urratzeaz gain, euskararen normalizazioaren aurkako jarrera irekia erakusten du, bezeroen aniztasuna errespetatzen duela esaten duen arren. Kontraesankorra da".
Horren aurrean, Behatokiak bezeroen eskubideak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu dio Decathlon enpresari, erakunde eskudunei "premiazko neurriak" hartzeko eskatu die, eta herritarrak beren hizkuntza-eskubideak aldarrikatzera animatu ditu.