Itxi

Gizartea

COPERNICUS

2025eko urtarrila inoiz erregistratu den urtarrilik beroena izan da

AGENTZIAK | EITB Media

Erregistratutako gainazaleko airearen urtarrileko batez besteko tenperatura 1,75 °C beroagoa izan da industria-aurreko mailekin konparatuta.

  • Copernicus

    Copernicus

Amaitu berri den hilabetea erregistroak daudenetik historiako urtarrilik beroena izan da, Europako Batzordearen mendeko Copernicus Klima Aldaketaren Zerbitzuak (C3S) emandako datuen arabera. Airearen batez besteko tenperatura 13,23 gradukoa izan da urtarrilean, eta 0,79 gradu igo da 1991tik 2020ra hilabete horretan bildutako datuei erreparatuta.

Erregistratutako gainazaleko airearen urtarrileko batez besteko tenperatura industria-aurreko (1850-1990) maila baino 1,75 °C beroagoa izan da. Halaber, azken 19 hilabeteetatik 18tan 1,5 ºC baino gehiago igo da tenperatura.

Azken 12 hilabetetan (2024ko otsailetik 2025eko urtarrilera) batez besteko tenperatura globalaren anomalia 1991-2020ko batez bestekoa baino 0,73 °C handiagoa izan da, eta industria aurreko aldian erregistratutakoa baino 1,61 ºC altuagoa.

Samantha Burgess C3Sren zuzendariordeak adierazi du erregistratutako urtarrilik beroena izan dela: "2025eko urtarrila beste ezohiko hilabetea izan da, azken bi urteetako joerari jarraituz, urteko lehen hilabetean erregistratutako batez besteko tenperaturak gainditu direlako, La Niña fenomenoak munduko tenperatura hoztea eragiten badu ere".

copernicus

Lurrazaleko batez besteko tenperatura. Irudia: Copernicus

Inoizko bigarren urtarrilik beroena itsasoan

Itsasoaren gainazalaren tenperatura ere neurtzen du C3S behatokiak, eta urtarrileko datuen arabera, batez besteko tenperatura 20,78 ºC-koa izan zen, inoiz hilabete horretan izandako bigarren beroena. Errekorra iaz erregistratu zen: 20,97 ºC.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN